Berria

Erdialdeko Amerikako zona tropikaletan instalatutako osagai elektrikoen hutsegiteak

2024ko ekainaren 21a
Fallas en componentes eléctricos

"Sistema elektrikoen iraunkortasuna eta errendimendua hobetu daitezke material aurreratuak, babes-sistema egokiak eta mantentze-ikuspegi proaktiboak erabiliz"

Erdialdeko Amerikako zona tropikaletan instalatutako osagai elektrikoen hutsegiteak: azterketa teknikoa

Erdialdeko Amerikako eskualde tropikalek dituzten aparteko klima-kondizioek eragin nabarmena dute osagai elektrikoen fidagarritasunean eta errendimenduan. Gaur egun, zaila da oraindik zenbait faktoreren ondorioz (hezetasun handia, tenperatura altua, euri-jasak, fauna tropikala, agente biologikoak eta agente kimikoak) osagai horietan ohikoak diren hutsegiteak aztertzea.

Kable, transformadore, etengailu, eguzki-panel eta banaketa-sistemen gaineko eraginak, adibidez, aldez aurretik aztertzen dira beti, eta, teorikoki, ikuspegi xehea lortzen da hutsegite-mekanismoei eta haiek arintzeko erabil daitezkeen neurriei buruz; praktikan, baina, oso bestelakoa da errealitatea.

Azterketa teknikoa

TECNALIAk faktore kritiko horien azterketa landu du Panaman, El Salvadorren eta Mexikon barrena zenbait osagai elektrikorekin (hala nola horma-zorroak, isolatzaileak, loturak eta zuntz optiko fotovoltaikoko kableak) egindako proiektuetan.

Deskribatutako kondizio horietan ekipamendu elektrikoaren bideragarritasuna eta huts egiten duen modua ebaluatzeko, TECNALIAk proba- eta analisi-tekniketako honako ezagutza eta esperientzia hauek eskaintzen ditu:

  • Isolamendu-erresistentzia neurtzea
  • Maiztasun industrialean eta korronte zuzenean jasandako tentsioaren saiakuntza: lehorra edo hezea
  • Tximista motako pultsu-tentsioaren saiakuntza
  • Deskarga partzialak neurtzea
  • Saiakuntza mekanikoak: propietate mekanikoak
  • Tomografia
  • Mikroskopia eta makroskopia
  • Beira-trantsizioko tenperatura zehaztea
  • X izpien difrakzioa (XRD)
  • Lodiera eta dimentsioak egiaztatzea
  • Ikuskapen bisuala eta sekzio-azterketa

Eremu tropikaletan hutsegiteak prebenitzeko ekintzak

Proiektu horien amaiera gisa arintze-ekintza hauek egin litezke (eremu tropikaletan hutsegiteak prebenitzeko ekintzak):

  • Material erresistenteak erabiltzea: korrosioarekiko erresistenteak diren materialak (hala nola aluminio-aleazioak eta babes-estaldurak) erabiliz gero, osagai elektrikoen balio-bizitza luza liteke.
  • Zigilatze- eta babes-sistemak: zigilatze- eta babes-sistema egokiak inplementatuz gero (hala nola esparru hermetikoak eta estaldura iragazgaitzak) hezetasuna eta kutsatzaileak sartzea saihestu liteke.
  • Mantentze prebentiboa eta prediktiboa: mantentze prebentiboko eta prediktiboko estrategiak hartzea (etengabeko monitorizazioa eta hutsegiteen azterketa barne) lagungarria izan daiteke arazoak hutsegite katastrofikoak eragin aurretik identifikatzeko.
  • Klima tropikaletara egokitutako diseinua: sistema elektrikoen diseinuan zona tropikalen ingurumen-kondizio espezifikoak kontuan hartzeak (hala nola aireztapen- eta hozte-sistemak integratzea) nabarmen hobetu ditzake fidagarritasuna eta errendimendua.

Azterketak erakutsi duen moduan, Erdialdeko Amerikako zona tropikaletan klima-kondizio gogorrek eragina dute osagai elektrikoen fidagarritasunean. Ohiko hutsegiteak identifikatzea eta haien azpian dauden mekanismoak ulertzea funtsezkoa da arintze-estrategia eraginkorrak garatzeko.