"Euskadiko mikroelektronikaren eta erdieroaleen arloko estrategiaren ordezkariek Galesko Teknologia Astea bisitatu dute lankidetza-aukerak identifikatzeko"
Euskadik eta Galesek mikroelektronikaren eta erdieroaleen arloko lankidetza-aukerak aztertu dituzte
Euskadiko Basque Microelectronics Hub-en (BMH) ordezkariek Wales Tech Week goi-bileran (Newport-en, Galesko hegoaldean) Britainia Handiko eskualde horretako zenbait eragile publiko zein pribaturekin elkartu dira, haiekin mikroelektronikaren eta erdieroaleen arloan lankidetzan aritzeko aukerak aztertzeko.
2018an Elkar Ulertzeko Memorandum bat (MOU) sinatu zenetik, Galesek eta Euskadik harreman sendoa izan dute elkarrekin, erakunde- zein enpresa-mailan, lankidetza indartzeko eta bien garapena eta ongizatea sustatzeko.
Wales Tech Week (Galesko Teknologia Astea) gailurrak helburu du erdieroaleen eta mikroelektronikaren arloarekin lotutako enpresen eta profesionalen arteko konexioa erraztea eta aukerak sortzea. 2023ko edizioan, produktu eta zerbitzuen erakustaldi eta aurkezpen, hitzaldi, eztabaida eta proiektu berritzaileen aurkezpen ugari egin ziren. Hori guztia eskualdean jarduera berri bat bultzatzeko programa oso baten parte izan zen.
Euskadiko ordezkariek parte hartzea aukera paregabea izan da nazioartean hedatzeko interesa duten mikroelektronikaren eta erdieroaleen arloko erakundeen artean harremanak ezartzeko eta aliantzak eratzeko.
Galesek eta Euskadik ibilbide industrial, teknologiko eta berritzaile oso antzekoa dute, baita beste kidetasun batzuk ere, hala nola giza garapen jasangarriarekiko konpromiso sendoa, beren nortasun kulturalari ematen dioten garrantzia eta beren hizkuntzen sustapena.
TECNALIAk bat egin du Euskadiko ordezkaritzarekin Galesera egin duen bisita estrategikoan
Euskadiko ordezkaritzak (SPRI Talde, CEIT, GAIA, Ikerlan, UPV-EHU eta TECNALIAren ordezkariek osatua) Galesen mikroelektronikaren eta erdieroaleen arloan gaitasun teknologikorik handiena duten eragile publiko eta pribatuetako batzuen egoitzak bisitatu ditu, Galesen Garapenerako Agentziak (Trade for Wales) antolatutako agenda baten barruan.
Lehen interakzio hori oso baliagarra izan da esperientziak trukatzeko eta bi ekosistemetako enpresa- eta erakunde-testuingurua hobeto ulertzeko. Helburua da erronka eta aukera komun berriak identifikatzea eta lankidetzan aritzea jarduera teknologiko aurreratuetan, hala nola materialen diseinu, arkitektura eta erabileran eta funtsezko beste alderdi batzuetan.
TECNALIA: mikroelektronika eta erdieroaleak
Gure misioa ikerketa teknologikoa onura bihurtzea eta I+G+Baren bidez mundu hobea eraikitzea da, gure jarduerak zenbait dimentsiotan, hala nola ekonomikoan, zientifiko-teknologikoan, sozialean eta ingurumenekoan duen eragin positiboa areagotuz.
Txipen arloan, garapen tekniko berri batzuk sortzen ari gara sentsorika kuantikorako eta detekziorako, materiaren manipulazioa baliatzen dutenak mekanika kuantikoaren propietateak aprobetxatzeko.
Teknologia horrekin sentsorikan aplikazio-mota ugari egin daitezke: osasunaren arloan, erresonantzia magnetiko nuklearrean aplikatzeko, lab-on-chip aplikazioak, diagnostikokoak…; mugikortasunaren arloan, hala nola giroskopioetan, sentsore inertzialetan, radarretan…; industrian, ikuskapen-sentsoreetarako; metrologian, tamaina, denbora, magnetismoa eta abar detektatzeko… Horretarako, laborategi bat hedatzen ari da ezagutza-arlo horretako I+G+Bari laguntzeko azpiegitura zientifiko-teknologiko berezia duena, eta teknologia zehatz horretan ikertzeko, garatzeko eta muturretik muturrerako berrikuntzarako ekipamendua duena.