Berria

Fabrikazio-prozesuak hobetzen dituzten exoeskeletoak

2022ko martxoaren 31a

"Exoeskeletoak gero eta gehiago erabiltzen dira industrian. Lanpostuaren ergonomia hobetzen dute, eta ekoizpen-sistema optimizatzen dute"

Proba-banku tresnadun eta modularrak sortzen ditugu, benetako fabrikazio-prozesua simulatzen dutenak eta exoeskeletoaren errendimendua baloratzen dutenak industria-arloko zenbait lanetarako.

InteX “Next Generation Al Based Testbeds for Wearable Robotics” ekimenaren bidez, proba-banku tresnadun eta modularrak sortzen eta inplementatzen ditugu, bezeroaren fabrikazio-prozesu espezifikoa simulatzeko eta exoeskeletoak zenbait zereginetan zer-nolako errendimendua duen baloratzeko. Proba-bankuek aukera ematen dute exoeskeletoaren balio erantsiaren neurketa kuantitatiboa egiteko, in situ probak egin beharrik gabe, zeinak garestiak baitira eta denbora luzea kontsumitzen baitute fabrikatzailearen instalazioetan.

Gaitz muskuloeskeletikoak dituzten pertsonen kopurua izugarri handitzen ari da zahartzearen ondorioz. Europan, nagusiki lanpostuekin erlazionatutako nahaste muskuloeskeletikoak dira osasun-arazo ohikoenak. Aldi baterako ezintasunaren arrazoi nagusietako bat dira, eta haien zuzeneko kostu ekonomikoa 205.000 milioi eurotik gorakoa da urtean.

Exoeskeletoak sortzen ari den teknologia baten parte dira, eta badirudi fabrikazioan iraultza eragingo dutela, lanaren kalitatea eta produktibitatea hobetuta. Hala ere, zenbait proba egin behar dira martxan jarri aurretik.

Exoeskeletoen onurak industria-eremuan

Exoeskeletoak gero eta gehiago erabiltzen dira industrian. Lanpostuaren ergonomia hobetzen dute. eta ekoizpen-sistema optimizatzen dute. Hala ere, enpresak exoeskeletoak erabiltzearen abantailez baliatu aurretik, beharrezkoa da aldez aurretik baliozkotzea azken erabiltzaileak egin beharreko berariazko lanetarako prestatuta daudela.

Beraz, hainbat faktore aldez aurretik eta zehatz-mehatz ebaluatu beharko dira, bai eta lantokietan exoeskeletoak sartzeak duen eragina ebaluatu ere.

Gure plataformak exoeskeletoen segurtasuna, erabilgarritasuna eta errendimendua ebaluatu eta hobetzeko diseinatuta daude, eta, aldi berean, exoeskeletoak hartzea eta onartzea sustatzen laguntzen dute, azken erabiltzaileari konfiantza emanez.