Berria

Fastram ekimenak murriztu egiten ditu energia-kontsumoa (% 20), fabrikazio kostuak eta ingurumen-inpaktua

2021ko maiatzaren 3a
Fastram nuevas herramientas mineria

TECNALIAk ERS prozesua garatu du, AMES enpresarekin batera

Meatzaritzako tresna gehienak metal gogorrez eginak daude; osagai nagusiak tungstenoa eta kobaltoa dira. Bi material horiek kritikotzat jotzen ditu Europar Batasunak, Europan zaila delako haietaz hornitzea, eta kobaltoak toxikotasun-arazoak eragiten dituelako.

FASTRAM ekimenak, hain zuzen, material horiek ordezkatzen ditu meatzaritzako lan-tresnetan. Sinterizazio aurreratuko bi teknologia garatu ditu industrializatu aurreko mailaraino: ERS- Electric Resistance Sintering eta RCHP Reactive Hot Pressing.

Lan-tresnak fabrikatzeko ohiko prozesuan, materiala zenbait orduz berotzen duten labeak erabiltzen dira. Garatu berri diren prozesuetan, aldiz, efizientzia handiz erabiltzen da energia, fabrikatzen den materiala soilik berotzen baita eta ez, labean bezala, egitura osoa: nabarmen murrizten dira, bai fabrikazio-denbora, bai energia-kontsumoa.

Horretaz gainera, tungstenoa eta kobaltoa erabat edo hein batean ordezkatzen dituzten konposizioekin egindako meatzaritza-tresnak garatu eta baliozkotu dira.

Instalazio pilotuko ekipamenduak

Bi instalazio pilotu garatu dira. Bata Bartzelonan, bestea Finlandian. Ekipamendu horiekin tresna-serie batzuk ekoitzi dira, eta meatzaritza-ekipamenduen fabrikatzaile batek (METSO) probatu ditu. Tresnek gainditu egin dituzte baliozkotze-saiakuntzak.

Teknologia berri horrek lagundu egingo du Europak material kritikoekiko duen mendekotasuna murrizten. Gainera, prozesuaren efizientzia energetikoa areagotzen du, eta, beraz, fabrikazio-kostuak eta ingurumen-inpaktua murrizten.

Proiektua Europa mailan egin da (Espainia eta Finlandia), baina, meatzaritza-tresnak mundu osoan erabiltzen direnez, eragin globala du. METSOk, material horiek erabiltzen dituen meatzaritza-enpresak, mundu osoko meatze-ustiategietara esportatzen ditu makinak.

 Garapen berrien balio diferentziala

  • Bi prozesu berri, prozesu konbentzionalak baino efizienteagoak
  • Prozesu berri horiei esker, metal gogorraren (WC-Co) ordezko materialak fabrikatu daitezke, titanio, nikel nahiz burdina karburoarekin.

Informazio gehiago

Proiektuaren bazkideak: TECNALIA, AMES (Bartzelona), VTT (Finlandia) eta EXOTE (Finlandia)