"Gailu medikoen hurrengo belaunaldia fabrikatzeko sentsore-teknologiak ikertzen ari gara, funtsezkoak baitira osasungintzaren digitalizazioan."
Euskadi, leku ona gailu medikoen industriarentzat
Osasun pertsonalizatua espezializazio adimendunaren estrategiaren ardatzetako bat da; “duela hamarkada bat baino lehenagotik ari gara sektore horretan inbertitzen, eta orain hasi gara emaitzak ikusten, enpresa-sarearen hazkundearekin” adierazi du Manuel Montejok, TECNALIAko Osasuneko zuzendari zientifikoak, BRTAk antolatutako "Euskadin autonomia estrategikoan aurrera egiteko 0 km-ko zientzia eta teknologia" izeneko jardunaldian.
Jardunaldian, eztabaidatu da nola laguntzen dion Euskadin industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren arloetan egiten diren zientziak eta teknologiak Euskadiren autonomia estrategikoari trantsizio hirukoitzaren esparruan: teknologikoa eta digitala, energetikoa eta ingurumenekoa, eta demografikoa eta soziala.
Euskadiko gailu medikoen eta diagnostikoaren industriarako teknologia medikoa izan da Montejoren hitzaldiaren funtsezko mezua. Gure lankideak azpimarratu du zer eginkizun garrantzitsua duten gailu medikoek aberastasuna sortzeko. “Industria honek balio erantsi handiko produktu bat fabrikatzen du; mundu osora esportatzen du, eta, gainera, eragin handia du dagoen eskualdean, enplegu kualifikatua sortzen baitu”.
Euskadiren autonomia estrategikoa
Foro horretan, Manuel Montejok Euskadiko industria-tradizio luzea nabarmendu du: “Behar diren osagaiak baditugu: fabrikazio-industria, zientzia eta teknologia, osasun-sistema berritzailea eta erakundeen babesa ere bai”. “Esan dezakegu posizio onean gaudela Euskadiren autonomia estrategikoa lortzeko”.
Bere hitzaldian, adituak azaldu du teknologia sanitarioa beharrezkoa dela berrikuntzarako palanka baita. Eboluzio bat, emaitzetan oinarritutako medikuntzatik (zeinean tratamenduen bolumeneko efizientzia lehenesten baitzen) balioan oinarritutako medikuntzara (pazienteentzako balio handiena, ahalik eta kostu txikienarekin) doana.
Gailu medikoen hurrengo belaunaldia fabrikatzeko sentsore-teknologiak
“Horregatik, ez dute teknologia guztiek izango txoko bat merkatuan. Ikuspegi horretara egokitzen diren produktuentzat baino ez da egongo lekua”, adierazi du Montejok. Horretaz gain, BRTAko zenbait eragilerekin lankidetzan TECNALIA egun garatzen ari den ikerketa-lanetako batzuk erakutsi ditu, hala nola ONBODY proiektua, Eusko Jaurlaritzak Elkartek programan finantzatua.
“Gailu medikoen hurrengo belaunaldia fabrikatzeko sentsore-teknologiak ikertzen ari gara, gailu horiek funtsezkoak baitira osasungintzaren digitalizazioan. Eta testuinguru horretan, parametro jakin batzuk bakarka neurtzea funtsezkoa da medikuntza pertsonalizatu bati erantzuteko”.
TECNALIA berrikuntza- eta ikerketa-lan handia egiten ari da diagnostikoaren, sentsorikaren eta digitalizazioaren arloetan. Teknologiaren garapena tresna gisa erabiltzen du gure enpresek produktu lehiakorrak garatu ditzaten, eta, horien bidez gure enpresa-sarea indartu dadin eta gizartearen bizi-kalitatea hobetu dadin.