Berria

Garraioko azpiegiturek muturreko gertaeren aurrean duten erresilientzia hobetzen dugu

2021ko maiatzaren 26a
Carretera foresee

Batheko Unibertsitateko Psikologia Sailak zuzentzen duen azterketa zientifiko baterako kolaboratzaileak bilatzen ditugu, pertsonek garraioko azpiegituretan gertatzen diren larrialdi egoeretan ematen zaizkien ebakuazioko jarraibideei kasu egiteko duten erreakzio denbora neurtzeko

FORESEE ekimenean, garraioko azpiegiturek muturreko gertaeren aurrean duten erresilientzia hobetzeko tresna eta metodologiak garatzen dira, gure Azpiegituren alorrak koordinatuta; muturreko gertaera horiek naturalak izan daitezke —lurrikarak, uholdeak, lur-irristatzeak—, edo gizakiak eraginak —suteak, istripuak, zibererasoak—.

Ebakuatzeko behar diren denboren eta sute eta uholdeen bilakaera dinamikoaren simulazioak egiteko erabiliko dira ikerketako emaitzak. Horretarako, FORESEE ekimeneko ikerketarako kolaboratzaileak eta parte-hartzaileak bilatzen ditugu. Gaur egungo kontingentzia planak, mehatxuaren bilakaera kontuan hartzen duen ikuspegi dinamikoago batera egokitzea da azken helburua.

COVIDa dela eta, ezin da egin saiakuntzarik pertsonekin eta ingurune errealetan. Horregatik, onlineko ikerketa bat abiarazi dugu Europako hainbat hizkuntzatan: alemanez, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Lortzen dugun informazioa lagungarria izango zaigu neurtzeko zer gaitasun duten pertsonek arreta etengabe behar duten egitekoak bukatzeko; jarraibideei erantzutean dituzten erreakzio-denborak eta doitasuna neurtuko dira.

Ikerketaren barruan egingo diren lanak

Onlineko ikerketan ez da jasoko inolako informazio pertsonalik. Datuak anonimoak izango dira erabat; ez dituzte hirugarrenek erabiliko, eta ez zaizkie emango hirugarrenei. Erabiltzaileek 10 minutuko lan erraz bat egin beharko dute: arreta etenik gabe jarri behar dute, larrialdiko ezohiko egoera batean daudela suposatzen baita.

Ezingo dute erabili posta elektronikoa, ezingo dute egin telefono-deirik, eta ezingo dute erabili ez Whatsapp ez antzekorik. Jarraibideei ordenagailuko teklatuarekin eta saguarekin erantzuteko eskatuko zaie. Parte-hartzaileek irudi batzuk ikusiko dituzte elkarren segidan pantailan, eta audio grabaketa batzuk entzungo.

Informazio gehiago

  • Helburu hauek lortu nahi dira muturreko gertaera horietarako garatuko diren FORESEE soluzien bidez: ondorioak aurreikusi, minimizatu eta xurgatu, garraio-sarea egokitu eta/edo garraio-azpiegiturek izan behar dituzten segurtasun- eta zerbitzu-mailak bizkor berreskuratu.
  • Garraioko azpiegitura hauetan ari dira baliozkotzen FORESEE ekimeneko emaitzak: A24 autobidea (Italia), A16 autobidea (Italia), Montabliz biaduktua (A67 autobidea) (Espainia), abiadura handiko 6185 linea (Oebisfelde-Berlin Spandau) (Alemania), M-30 ingurabidea (Madril, Espainia) eta apirilak 25 zubia (Portugal).
  • Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren finantziazioa jaso du, 769373 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.