Garunaren Mundu Eguna dela eta, NEWRO proiektua dugu mintzagai: errehabilitazio motorreko sistema bat era guztietako desgaitasun-mailak dituzten iktus-pazienteentzat (paziente kroniko eta larrienak barne).
Iktusa, haren prebentzioa eta tratamendua ditugu mintzagai, bai eta neurorrehabilitazioko gure proiektuak ere.
Uztailaren 22an Garunaren Mundu Eguna zela eta, TECNALIAk eremu neurologikoan eta neurorrehabilitazioan dituen garapen eta proiektuez hitz egin dugu Radio Euskadirekin Andrea Sarasola gure lankideak, TECNALIAko osasun-proiektuen kudeatzaileak, azaldu du garunaren neuroplastikotasuna funtsezkoa dela iktusa izan duten pazienteak berreskuratzeko prozesuetan.
Arlo horretan, TECNALIAk bi ikerketa-ildotan dihardu neurorrehabilitazioaren arloan: Europako REHYB proiektua eta NEWRO ekimena.
Errehabilitazioa eta laguntza iktusa izan duten pazienteetan
Andrea Sarasola garun-makina interfaze hibrido berritzaile batean ari da lanean. Proiektu hori NEWRO da, goiko gorputz-adarraren errehabilitazio motorreko sistema bat, era guztietako desgaitasun-mailak dituzten iktus-pazienteentzat (paziente kroniko eta larrienak barne). Nerbio-sistemarekin interakzioan aritzen den sistema bat da, paziente bakoitzari terapia pertsonalizatua eskaintzeko gai dena.
Pazientea bere beso paralizatuarekin mugimenduren bat egiten saiatzen denean, mugitzeko asmo hori haren garuneko eta/edo muskuluetako seinale elektrikoen bidez deskodetzen da. Horren ondorioz, haren beso paralizatuari atxikita dagoen exoeskeleto bat mugitu egiten da; beso horrek gauzatzen du deskodetutako mugimendua; hala, mugitzeko asmoa pazienteak milisegundo batzuetan hautematen duen mugimendu errealarekin lotzen du. Lotura hori funtsezkoa da iktusaren ondorioz galdutako funtzio motorra berrikasteko gizakiok ditugun neuroplastikotasun-mekanismoak aktibatzeko.
Proiektu honek abantaila handiak ditu pazienteentzat eta klinikoentzat. Pazienteei, sistema honek goiko gorputz-adarraren mugikortasuna berreskuratzeko aukera ematen die. Hala, murriztu egiten dute beren mendekotasun-maila, partez edo erabat, baita gaur egun soluzio eraginkorrik ez duten kasu larrienetan ere. Klinikoentzat aukera bat da tratamendu efiziente eta eraginkorra eskaintzeko, teknologia erabilerraz bat baliatuz. Klinikoek paziente bati baino gehiagori egin diezaiekete tratamendua aldi berean; hala, handitu egiten da efizientzia eta murriztu egiten dira pertsonal-kostuak.
Errehabilitaziora bideratutako neuroprotesi hibridoak
Igone Idígoras ebaluazioari laguntzeko gailuen arduraduna da; berak koordinatzen du TECNALIAk REHYBn duen parte-hartzea. Ekimen horretan, aurrerapen handiak eta neuroprotesi hibridoen soluzio berriak garatzen ari gara iktusa izan duten pazienteen errehabilitaziorako eta goiko gorputz-adarrari laguntzeko. Soluzio horiek elektroestimulazio funtzionala (FES) duten exoeskeleto aktibo eta pasiboen teknologiak eta kontrol kooperatiboko estrategien garapena konbinatzen dituzte.
Iktusetik bizirik baina goiko gorputz-adarrak erasanak irteten direnen % 60k ez du funtzioa erabat berreskuratzen, eta erasan larria dutenen % 30ek ez du beste aukerarik.
Paziente bakoitzaren premietara egokitzen diren soluzioetan zentratzen gara, eta haien eboluzioa zaintzen dugu errehabilitazio-prozesuan zehar. Pazienteari errehabilitazio-terapia pertsonalizatua ematen diogu.
Estimulazio elektriko funtzionala (FES)
Atariko ikerketen arabera, istripu zerebrobaskularra izan duten pazienteen goiko gorputz-adarren errehabilitazioaren efizientzia hobetu egin daiteke, baldin eta, exoeskeleto aktiboa duen gidaz gainera, erabiltzaileen funtzio motorrak aktiboki kontrolatzen badira estimulazio elektriko funtzionalaren bidez (FES).
Sistema hibrido horiek abantaila ugari dituzte: erabiltzaileen muskulu-jarduerak berak abiarazten ditu mugimenduak, eta ez dira soilik pasiboki gidatuak kanpo-indar baten bidez (exoeskeletoa).
Helburua da errehabilitazioan entrenamenduaren efizientzia maximizatuko duen sistema hibrido bat sortzea, erabilera-esperientzia atsegina eskainiz eta pazienteei eguneroko bizitzako jardueretan lagunduz. Hurrengo urratsa azken prototipoak eta proba klinikoak medikuekin eta pazienteekin integratzea izango da.