Desionizazio kapazitiboak alderantzizko osmosiak baino operazio-kostu, energia-kontsumo eta CO2-emisio txikiagoak ditu
Desionizazio kapazitiboa da itsasoko ura gatzgabetzeko etorkizun handienetakoa duen teknologietako bat. Uraren gazitasuna gorabehera, uretatik mota guztietako espezie ionikoak kentzeko aukera ematen du. Gaur egun, alderantzizko osmosia da teknologia hedatuena, eta harekin lehiatzen da desionizazio kapazitiboa; izan ere, alderantzizko osmosiak baino operazio-kostu eta energia-kontsumo txikiagoak ditu, eta, ondorioz, CO2-emisioak ere txikiagoak dira.
Garatutako teknologiarekin, potentzial elektriko bat aplika daiteke CDI gelaxka osatzen duten elektrodo-pareen artean; hala, gatz-disoluzioko ioiak, elektrodo-pareetatik igarotzean, elektrodo-pareen gainazalean adsorbatzen dira. Prozesu elektrokimiko horretan, ur gaziak purifikatzen dira, eta aldi berean, energia metatzen da.
Ur gaziak eta desionizazio kapazitiboa
Desionizazio kapazitiboaren kontzeptuak 1960ko hamarkadan du jatorria. Baina litroko bost gramoko kontzentrazioa baino handiagoa zuten ur gaziak ezin ziren tratatu, elektrodoetarako material egokirik ez zegoelako.
Behar horri erantzuteko, material hibrido berri bat sortu da, grafeno oxido erreduzituko hiru dimentsioko egitura batean makroporoen, mesoporoen eta mikroporoen konbinazio bat duena. Frogatu denez, egitura horiek, metal oxidozko nanopartikulen eragin hidrofilikoarekin eta kapazitiboarekin konbinatuta, oso eraginkorrak dira ur gazietatik gatzak kentzeko.
Grafenoan oinarritutako elektrodoen bidezko desionizazio kapazitiboa etorkizun handiko teknologia berritzaile eta jasangarri bat da ur gaziak energia-kontsumo baxu batekin gatzgabetzeko.