Berria

Gestampek eta TECNALIAk 4.0 industria batean energia-efizientzia lortzen laguntzeko garatu duten sistema adimendunak beste aintzatespen bat jaso du

2019ko urriaren 16a

Proiektua finalista izan da enerTIC sarietan, non energia-efizientziaren eta jasangarritasunaren alorreko proiektu teknologiko berritzaileak saritzen baitituzte

4.0 industria bateko ekoizpen-prozesu industrialetan efizientzia energetikoaren gabeziak diagnostikatzeko sistema adimenduna saritua izan zen BDVA (Big Data Value Association) elkartearen DatSci sariketa ospetsuan, eta, orain, finalista da aro digitaleko efizientzia energetikorako berrikuntza eta teknologiaren enerTIC Awards sariketaren VII. deialdian, Smart Manufacturing kategorian.

Teknologiak NAIA I4.0 (Neurtu eta Aditu Industrian Aurrezteko) izena du, eta industria-instalazioetan efizientzia energetikoaren gabeziak diagnostikatzeko sistema adimendun bat da. TECNALIAk eta Gestampek elkarrekin garatu dute, eta 2018an ontzat eman zuten Gestampen instalazioetan.

NAIA I4.0 sistemaren garapena Gestampek, TECNALIAk eta SPRIk finantzatu dute (azken horrek Hazitek programaren bidez). Gaur egun, hasierako prototipoa ontzat eman ondoren, produktua garatzeko fasean dago, hau da, industrializazio-fasean.

Efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna

Erabiltzaile erregistratuek kategoria bakoitzean zein hautagai saritu hautatzeko botoa eman ahal izango dute, urriaren 1etik azaroaren 15era. Sariak banatzeko ekitaldi ofiziala Madrilen egingo da, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzan, eta han esango dute zein diren sarituak.

Sari horrekin, berriro aitortzen zaie Gestampi eta TECNALIAri digitalizazioaren arloan egindako ibilbidea. enerTIC Awards sariketan, efizientzia energetikoarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa duten enpresek eta erakundeek egindako proiektu teknologiko berritzaileak saritzen dituzte, eta halakoa da NAIA I4.0: datu-analisiko teknikak aplikatzen ditu, sistemak askotariko datu historikoen multzo batetik ikas dezan (elektrizitatearen, gasaren eta aire konprimatuaren kontsumoak, zenbait mailatan neurtuak —fabrika, prozesua, makina— eta energia-kontsumoaren eta fabrikako ekoizpenaren arteko kausalitate-erlazioa).

NAIA I4.0 sistemak fabrikako kudeatzaileari laguntzen dio prozesuko kontsumoak ulertzen eta fabrika eraginkortasunez kudeatzen, dirutan asko aurreztuta, ekoizpenari kalterik egin gabe.

Argibide gehiago