Proba pilotu gisa, Viuda de Sainzek egindako sustapen berri bat erabili da, Kosta Zabala izenekoa
TECNALIA Certificación enpresak, TECNALIArekin eta Eraikune Euskadiko eraikuntzaren klusterrarekin batera, azterlan bat egin du bizitegi-etxebizitzen ebaluazio jasangarrirako gida berri bat egiteko, gaur egungo jasangarritasun-ziurtapenen eskemen azterketan oinarrituta.
Lankidetza hori xede hauekin sortu zen: gaur egungo ziurtapen-eskemak (LEED, HQE, Breeam, Passivhaus eta Verde) osatzea eta herritarren parte-hartzeari balioa ematea; proiektuen kudeaketan kalitatea eta prozesuen gardentasuna sustatzea; eta erabiltzaileei beren etxebizitzen benetako dokumentazio guztia ematea.
Azterlana garatzeko faseak
Lehenik eta behin, etxebizitza-eraikuntzaren esparruko eskema bakoitza zein alderditan oinarritu den identifikatu da, eta aztertu da zer betekizun dauden erabiltzaileen bizi-kalitatearen eta ingurumenaren arloetan.
Jarraian, parametro berriekin zerikusia izan dezaketen eskakizun guztiak zehaztu dira (parametro-esparru berriak sailkatzen ditu parametrook), eta bi taldetan banatu dira: kudeaketa arduratsua eta etekin ekonomikoa.
Azkenik, bizitegi-etxebizitzen ebaluazio jasangarrirako gida egin da. Orain arte ebaluatu ez diren atal berriak jasotzen ditu gidak, hala nola kudeaketa arduratsuaren ebaluazioa eta etekin ekonomikoa.
Proba pilotua, Kosta Zabala
Ziurtapen jasangarriaren gida berriaren proba pilotu gisa, Viuda de Sainzek egindako sustapen bat erabili da, Kosta Zabala izenekoa.
HQE ziurtagiria lortu duen Estatuko lehen etxebizitza-eraikina da. Berroneratze-lanetan bete-betean ari den ingurune batean dago: Bruno Mauricio Zabala kalean, Abandoko geltoki berriaren ondoan. Garajea eta trastelekua dituzten 46 etxebizitzaz osatua da.
Proiektuaren bidez, EAEko eraikuntza-sektorea erreferente gisa posizionatu nahi da prozesu baten fase guztietan herritarrek parte hartzeari dagokionez, eta, halaber, prozesu guztien gardentasuna bermatu.
Informazio gehiago
NECERVIS ekimena ERAIKAL programak lagundu du diruz (2019ko deialdia). Programa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan jasangarritasuna eta kudeaketa-sistemak ezartzea sustatzeko eta berrikuntzari laguntzeko.