Berria

Gidaritza autonomo segurua eta inklusiboa lortzeko teknologiak garatzen ditugu

2024ko maiatzaren 29a
Conducción autónoma

"Helburua da gidaritza autonomoa modu seguru eta onargarrian ezartzea eta, horretarako, sortutako jakintza eta berrikuntza transferitzea automobilgintzaren sektoreari".

Elkarlanean ari gara teknologiak garatzen, gidaritza autonomo segurua eta inklusiboa lortzeko sentsorizazio eta komunikazio adimendunaren bidez

MEDUSA ekimenean, modu seguru eta inklusiboan gidatzeko behar diren gaitasun eta teknologiez arduratzen gara, eta sentsorizazio eta komunikazio adimenduna baliatzen ditugu horretarako. Modu efizientean fusionatzen da askotariko iturrietatik lortutako informazioa, eta pertsonak jartzen dira teknologiaren erdigunean. I+Gko lau ildo nagusiren inguruan egituratzen da helburu hori:

  1. Pertsonen integrazioa eta partaidetza sustatzea gidaritza autonomoko sistemen diseinuan.
  2. Sentsorizazio adimenduna eta nabigazio segurua.
  3. Hardware- eta software-plataforma fidagarri eta seguruak diseinatzea eta garatzea.
  4. V2X sareetako datuak integratzea eta haien kudeaketa aurreratua; mugikortasun adimendunean partekatutako datu-espazioen paradigma indartzea.

Helburua da gidaritza autonomoa modu seguru eta onargarrian ezartzea, eta, horretarako, sortutako jakintza eta berrikuntza transferitzea, hala automobilgintzaren sektoreari nola mugikortasun-ekosistema berrian sortzen ari diren eragile teknologikoei. Valentziako Biomekanika Institutuak koordinatzen du proiektua, eta CTICren zentroek eta IKERLANek ere parte hartzen dute.

Europako etorkizuneko garraio- eta mugikortasun-sistemak erronka handiak gainditu behar ditu ikerketa teknikoaren eta berrikuntzaren alorrean. "Sentitu-pentsatu-jardun" erako soluzio aurreratuetan oinarrituko dira etorkizuneko automatizazio-maila handiko ibilgailuak, eta, horri esker, interakzio segurua lortuko da errepideko erabiltzaile guztien artean. Agertoki horretan, beharrezkoa da tresna digitaletan oinarritutako teknologia seguru eta fidagarrien garapen integratua, modu autonomoan eta konektatuan gidatzeko.

Ibilgailu konektatuetarako teknologiak hedatzea

Askotariko sektoreen arteko lankidetzak barnean hartzen du ibilgailu konektatu, kooperatibo eta automatizatuetarako teknologiak hedatzea.

TECNALIAren helburu teknikoak mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren esparrukoak dira:

  • Automobilgintzari aplikaturiko tresna digitalak garatzea, ibilgailu eta azpiegitura konektatuei, kooperatiboei eta automatizatuei aplikatu ahal izateko, eta, bide horretan, ingurunea hautemateko, erabakiak hartzeko eta ibilgailua kontrolatzeko teknologiak baliatzea.
  • Ibilgailua kontrolatzeko sistemak, sentsore aurreratuetan oinarrituak.
  • Teknologiak V2X – V2I komunikazioetarako, digitalizaziorako (adimen artifiziala, big data), mugikortasuna optimizatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko; smart sensoringa, Gauzen Internet (IoT), telekomunikazioak eta sare adimendunak, eta ibilgailuak azpiegitura adimendunera konektatzeko sistemak.
  • Human factors edo giza faktoreak ardatz dituzten interfaze aurreratuak, gidariarentzat zein bidaiarientzat.