Berria

GIS transformadore trifasiko baten portaera termikoa

2024ko martxoaren 1a
Transformador trifásico

"@ILACek egiaztatzen ditu gure laborategi elektrikoak, neurketa-transformadore konbentzionaletan eta sentsoreetan saiakuntza elektrikoak egiteko ISO/IEC 17025 arauari jarraituz"

SF6 gabeko GIS motako tentsio- eta potentzia-transformadore trifasiko baten portaera termikoaren ebaluazioa

TECNALIAk goi-tentsioko laborategian 45.000 VA-ko potentzia duen tentsio- eta potentzia-transformadore trifasiko baten portaera termikoa ebaluatu du. ARTECHEk fabrikatu du transformadorea, GE VERNOVAren g³ gasarekin isolatua, GIS motako azpiestazio kapsulatuetan instalatzeko.

Azken urteotan, SF6 gasarekin isolatutako tresneria izan da tentsio handieneko sare elektrikoetako GIS motako azpiestazioak diseinatzeko erabili den soluzioa, gaitasun handia baitu isolamendu dielektrikoa emateko. Baina SF6 gasak baditu itzal asko ere, hala nola berotze globalerako duen potentzial oso handia. Horretaz gain, trantsizio energetikoak bestelako sare elektriko bat eskatzen du, gero eta adimendunagoa eta ingurumena gero eta gehiago errespetatzen duena.

Badago alternatiba bideragarririk?

Europako erakundeek erabat kendu nahi dute SF6-a sistema elektrikoetatik beren mugen barruan, eta 2026an ezarriko dira gas horrekin isolatutako instalazio berriak instalatzeko lehenengo debekuak. Horregatik, ekipo elektrikoen fabrikatzaileek SF6-a ezabatzeko irtenbideak bilatzen dituzte, eta TECNALIAren laguntza dute deskarbonizazioaren norabidean kokatzeko.

TECNALIAren parte-hartzea

TECNALIAko goi-tentsioko laborategiak arrakastaz burutu ditu ARTECHE fabrikatzailearen SF6-rik gabeko GIS motako 72,5 kV-eko tentsio- eta potentzia-transformadore baten portaera termikoa ebaluatzeko probak. Transformadorea berezia da, potentzia handia duelako (45.000 VA) ez ezik, gas alternatibo batekin kapsulatu eta isolatutako konfigurazio trifasikoa duelako ere bai.

Testatu den transformadorea GE VERNOVAren g³ gasarekin isolatuta dago. Gas isolatzaile alternatibo horrek SF6-arena baino % 99 txikiagoa du berotze globaleko potentziala (GWP). Bada mugarri bat, beraz, sistema elektrikoen deskarbonizazioan.

Ebaluazio termikoko probak honela egin dira: goi-tentsioa aplikatu zaie hiru faseei; batera kargatu dira transformadorearen bigarren mailako sei harilak —bigarren mailako bi haril fase bakoitzeko, bata doitasunekoa eta bestea potentziakoa—; eta ekipoaren osagaien beroketa monitorizatu da.

Egin diren berotze-zikloen barruan, zerbitzu-kondizio normaletako zenbait sekuentzia egin dira; esleitutako balioaren % 190 arteko tentsio primarioa aplikatu zaio, eta behin baino gehiagotan aplikatu zaizkio gainkargak.

Egindako testaren bidez, transformadorearen erantzun termikoa definitzea lortu du TECNALIAko ekipo elektrikoen laborategiak. Horri esker, handitu egin da etorkizuneko sare elektrikoak osatuko dituzten ekipoei buruzko ezagutza.

 Non egiten dira akreditazio horrek barne hartzen dituen jarduerak?