Berria

H2SITEk amoniakotik hidrogenoa ekoizteko lehen sistema garatu du

2024ko urtarrilaren 22a
H2SITE-H2OCEAN

"H2site enpresak teknologia esklusiboa du zenbait lehengai hidrogeno bihurtzeko erreaktore eta bereizgailuetarako"

H2SITE enpresak, zeinean partaidetza baitu TECNALIAk, abian jarri du amoniakotik hidrogenoa ekoizteko lehen sistema, mintz-erreaktoreen teknologia duen itsasontzi batean.

Ekimenari esker, konpainiak mintz-erreaktorearen bere teknologia integratua eskalatzen jarraitu ahal izan du. Itsas garraioa deskarbonizatzeko erronkarako soluzio gisa aurkezten du konpainiak bere teknologia. Dagoeneko garapen-fasean ditu eskala handiagoko hurrengo proiektuak.

H2SITEko zuzendari tekniko José Antonio Medranok hau aipatu du: "gure mintz-erreaktorearen teknologiak, sistemaren efizientzia hobetu ez ezik, trinkotu ere egiten du unitatea. Hori bereziki garrantzitsua da espazioa mugatuta dagoenean, hala nola itsasontzietan". Eta honela gehitu du: "amoniako-kontsumoa txikiagotzen ahalegindu gara, eta hori izango da potentzia handiagoko unitateetara hedatzeko giltzarria".

TECNALIAz gain, itsasoko deskarbonizazioaren arloko nazioarteko erreferentziazko beste eragile batzuek ere parte hartu dute: Zumaia Offshore, Erhardt Offshore, Ajusa, Enagás eta ABS.

H2OCEANek itsasontziaren kontsumo osagarrirako elektrizitatea ere sortzen du. Operazioa azaroaren 18an egin zen BERTHA B hornidura-ontzian: Bermeoko portutik irten zen, eta Bizkaiko golkoko kostaldean zehar nabigatu zuen. Instalatutako sistemak amoniakoa purutasun handiko hidrogeno bihurtzen du, itsasontzia nabigatzen ari dela; hidrogeno horrek, erregai-pila elikatzen du, eta itsasontziko zerbitzu osagarrietarako elektrizitatea sortzen du pilak.

H2SITEri buruz

H2SITE 2020an sortu zen, TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroaren deep tech venture builderra den TECNALIA Venturesen bidez, ENGIE New Ventures Frantziako enpresarekin eta Eindhovengo Teknologia Unibertsitatearekin lankidetzan.

Enpresak erreaktore eta bereizgailuetarako teknologia esklusiboa du, zeinaren bidez zenbait lehengai (hala nola amoniakoa, metanola eta gas sintetikoa) hidrogeno bihurtzen eta hidrogenoa kontzentrazio baxuko gas-nahasketetatik bereizten baitira, gatz-haitzuloetan edo hidrogeno geologikoan aplikatzeko.