“Habanak bere ingurunea, bere kultura eta bere balioak kontserbatuz eta sustatuz hazi nahi du; hori lortzeko, lankidetzan dihardu TECNALIArekin orain dela 20 urte baino gehiagotik, berrikuntzarekin eta garapenarekin lotutako proiektuetan”
Habanako Historialariaren Bulegoarekin lankidetzan ari gara, hiriko industria- eta kultura-ondarea sustatzeko.
Habanarekin lankidetzan ari gara ezagutza- eta teknologia-transferitzean oinarritzen den garapenerako lankidetza-proiektu batean, Kubako hiriburuaren etorkizuneko erronka globalei aurre egiteko, hala nola turismoaren presioari, klima-aldaketari eta birgaikuntzako energia-efizientziari.
Aldi berean, aukera berriak sortu nahi dira gizarteratzeko, berdintasunerako eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, gaitasun teknikoak indartuko dira, industria-eraikinak babesteko eta industria- eta portu-jarduerari balioa emateko, betiere emakumeak industrian duen zeregina nabarmenduta.
Lau ekintza, industriaren, prestakuntzaren, birgaitzearen eta kulturaren arloetan
Ekimenak lau ekintza zehatz biltzen ditu, industriaren, prestakuntzaren, birgaitzearen eta kulturaren arloetakoak.
- Lehenik, “Habanako Badiako Industria Ondarea Babesteko Plana” egin da, kudeaketa integraleko tresna gisa. Planak hiri- eta lurralde-datuak kudeatzeko tresna espezializatu berritzaileak biltzen ditu, baita industria-ondareko 130 ondasunen inbentario digitalizatua ere.
- Bigarrenik, prestakuntza-plan bat jarri da abian, Habanako Historialariaren Bulegoko 50 profesional baino gehiago trebatzeko digitalizazioaren, klima-arriskuetara egokitzearen eta birgaikuntzako ingurumen-hobekuntzaren arloetako gaietan. Trebakuntza hori gauzatzeko, trukeak eta bisita teknikoak egin dira ondare- eta kultura-interes aitortua duten zenbait gunetara, hala nola Bizkaia zubira, Añanako gatzagetara, Bilboko itsasadarrera edo Begoña lurmuturreko galerietara.
- Hirugarrenik, birgaitze-plan bat egin da, zehazki eraikin industrial bat kultura-zentro gisa erabiltzeko.
- Azkenik, kultura-plan bat aktibatu da: Habanako Badiaren inguruan industria-ondarea interpretatzeko hiru ibilbide ditu, eta itsas historia, merkataritza-portua eta industria-biltegiak azpimarratzen ditu.
Proiektuan, halaber, parte hartzen dute Labrit Ondarea enpresak, ondare immaterialean espezializatua baita, eta Señalética Empreinte enpresak, industria-ondareko ibilbideen hedapen-elementuak instalatzeaz arduratzen baita.
20 urte baino gehiagoko lankidetza, garapenari eta berrikuntzari lotua
UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen Habana, 1982an, eta bere ingurunea, bere kultura eta bere balioak kontserbatuz eta sustatuz hazi nahi du hiriak. Hala adierazi du Habanako Historialariaren Bulegoak, horiek kudeatzearen ardura baitu.
Helburu hori lortzeko, TECNALIAra jo du, 20 urte baino gehiago baitaramatzate lankidetzan zientziarekin, berrikuntzarekin eta garapenarekin lotutako proiektuetan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (Elankidetza) laguntza du. Lankidetza horrek helburu du hirian giza garapen jasangarriko eredu bat finkatzea.