Berria

Hegazkin elektrikoagoak eta seguruagoak, eta gutxiago kutsatzen dutenak

2019ko ekainaren 10a

Hegazkingintzak eragin handia du gure gizartean, eta onura sozial eta ekonomiko handiak ekartzen dizkio

Azken 20 urteetan, nabarmen hazi da hegazkin bidezko trafikoa, eta, aurreikuspenen arabera, urtean % 4-5 hazten jarraituko du; eta hogei urtean bikoiztu egingo da hegazkin komertzialen kopurua. Garraioak eragindako CO2 emisioei dagokienez, emisioen % 20 sortzen du hegazkingintzak.

Baina Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko direktibek 2050erako CO2 emisioak erdira murriztea jarri dute helburu. ACAREk (Advisory Council for Aviation Research and innovation in Europe), bere ibilbide-orrian, FlightPath 2050 delakoan, helburutzat jartzen dio bere buruari lidergo industrialari eustea eta hura sendotzea, gizartearen eta merkatuaren eskakizunei erantzutea, eta segurtasuna handitzea; eta, guztien gainetik, beste hau da helburu nagusia: CO2 emisioak % 75, NOx emisioak % 90 eta emisio akustikoak % 65 gutxitzea.

Eraginkortasun energetikoa

Aireontziak energetikoki eraginkorragoak izateko eta ingurumen-inpaktua murrizteko teknologiak lantzen eta ikertzen ditugu: optimizazio aerodinamikoa, berrikuntzak motorren eraginkortasunean, erregai berriak erabiltzea, hegaldi-misioen profila optimizatzea, eta abar.

Hegazkin komertzialekin alderatuta, aireontziak arinagoak dira, joan-etorri laburragoak egiten dituzte, askoz beherago egiten dute hegan, eta abiadura ere txikiagoa da: horrek aukera ematen digu bideragarritasun teknikoa eta negozio-bideragarritasuna lortzeko garatzen ari garen teknologia berriak aplikatzeko. Aireontziaren barruko sistemen elektrifikazioak gaur egungo sistema mekaniko, pneumatiko eta hidraulikoak ordezten ditu (hegaldi-aginteak, ateak, lurreratze-trena, balaztak, presurizazioa, izotz-kontrakoa) eta aireontzien propultsio elektriko batera jotzen du.

Aurrerakuntza horien helburua da hegazkinen energia-eraginkortasuna hobetzea eta ingurumen-inpaktua murriztea; eta, horrez gain, egungo sistemak arintzea; mantentze-lanak optimizatzea; eta fluidoen maneiua deuseztatzea. Hala, eragiketa-kostuak optimizatu nahi dira, eta segurtasuna, kontrola eta konektibitatea handitu.

Le Bourget azokan, gure azken aurrerapenak eta garapen teknologikoak erakutsiko ditugu. Sistemen elektrifikazioari buruzko gure ikuspegia emango dugu, ez bakarrik jarduera-sistemena, baita propultsio-sistemena eta kudeaketa elektrikoarena ere, eta sistema horiek aireontzi berritzaileak egiteko zer eragin duten azalduko dugu.

Zatoz gure standera: 1. halla, – F322  www.siae.fr