Berria

Hidrogenoa ekoizteko planta deszentralizatua, H2SITEren bidez

2022ko uztailaren 11a
H2SITE desarrolla la primera planta descentralizada para producir hidrógeno

"Estazio hori izango da munduko efizienteena, eta lehenbizikoz bihurtuko du amoniakoa hidrogeno puru, erregai-pilak zuzenean elikatzeko"

TECNALIAren H2SITE deep tech startupa Erresuma Batuko Gobernuaren babesa eta 7,8 milioi euroko aurrekontua dituen ekimen batean parte hartzen ari da, zeinaren helburua baita amoniakoa hidrogeno bilakatzeko munduko lehen planta deszentralizatua sortzea

Gaur egun, hidrogenoa erabiltzeko oztopo da hura distantzia luzeetan garraiatzeko zailtasuna. Amoniakoa hidrogeno-dentsitate oso handia duen molekula bat da, erraz garraiatzeko eta in situ biltegiratzeko modukoa. Hain zuzen, TECNALIAren H2SITE startupak amoniakoa hidrogeno bihurtzeko aukera eskaintzen du, azken erabiltzailearen instalazioetan eta efizientzia-maila handiekin.

Ildo horretan sortu da Tyseley Ammonia to Green Hydrogen ekimena Birminghamen (Erresuma Batua), zeinaren helburua baita amoniakoa hidrogeno bihurtzeko munduko unitaterik efizienteena sortzea eta martxan ipintzea. Harekin elikatuko dute Birmingham hiriko autobus-flota osoa.

Tyseley Energia Parkean egongo da erakusketa-planta

Gaur egun eraikitzen ari diren erakusketa-planta Tyseley Energia Parkean egongo da; hau da, Ingalaterrako West Midlands eskualdeko baliabide-zentro estrategikoan. Egunean 200 kg hidrogeno ekoitziko dute, eta hidrogenoz berriro hornitzeko estazioa elikatuko dute –parke berean kokatua–. Estazio hori Birmingham hiriko autobus-flotari zerbitzu emateko hornituta egongo da, eta amoniakoa hidrogeno puru bihurtzen duen munduko lehenbiziko estazioa izango da, baita efizienteena ere, erregai-pilak zuzenean elikatzeko.

Ildo horretan, H2SITEko zuzendari nagusi Andrés Galnaresek hauxe adierazi du: “Hidrogenoa garraiatzeari dagokionez, amoniakoa da etorkizun handiena duen aukera, bai eta gehien hazten ari dena ere. H2SITEren mintz-erreaktore aurreratuen teknologiak erregai-pilak elikatzeko adinako purutasunarekin sortzen du hidrogenoa in situ, parte mugikorrik gabe”.

Ekimen bakarra

TECNALIAren H2SITE deep tech startupa da Tyseley Ammonia to Green Hydrogen ekimenaren buru, eta lankide ditu bere Deep Tech Venture Builderra, TECNALIA Ventures, Engie New Ventures eta Eindhovengo Unibertsitatea. Proiektu horretan partaide izan dira, era berean, Gemserv, Birminghamgo Unibertsitatea, EQUANS, Yara eta Tyseley Energia Parkea.

Erresuma Batuko Gobernuaren Negozio, Energia eta Industria Estrategiako Departamentuak 7,8 milioi euroko finantzaketa bideratu du proiektura, hemendik 2030era bitartean 10 GW hidrogeno ekoizteko gaitasuna lortzeko konpromisoaren barruan. Administrazio horrek eginiko aurreikuspenen arabera, hidrogenoa izango da energia-kontsumo osoaren % 35 Erresuma Batuan 2050ean.

Greg Hands Britainia Handiko Energiako ministroak adierazi duenez, “Erresuma Batua da lider globala hidrogeno-berrikuntzaren alorrean, ekimen honetan parte hartzen duten enpresen ahaleginei esker. Gobernua konpainia horiei ematen ari den babesari esker, bizkortu egingo dugu hidrogenoa etorkizuneko supererregai izateko prozesua: etxean ekoitzia, kostu apalekoa eta eskuragarria”.