“TECNALIAk kudeaketa-estrategiak eta erabakiak hartzeko tresnak diseinatzen ditu hirien eta lurraldeen ingurumen-plangintzaren arlorako.”
TECNALIAk hiri eta lurraldeen ingurumen-plangintza estrategikoan laguntzen die administrazioei, herritarrak ardatz hartuta
TECNALIA elkarlanean ari da administrazioekin eta enpresekin airearen kalitateari buruzko planak eta estrategiak egiteko, erabakiak hartzeko prozesuetarako herritarrak ahalduntzea ardatz hartuta. Nazioartean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko munduko jarraibide berriak aurkeztu ditu, eta airearen kutsatzaile nagusien mailak areago murriztea gomendatu du.
Airearen kutsadura Europako ingurumen-kezka handietako bat da, eta osasunerako ingurumen-arrisku nagusia izaten jarraitzen du (Europako Ingurumen Agentzia, 2023). Azken urteotan, Europako Itun Berdean eta beste zenbait politikatan, funtsezkoa da airearen, uraren eta lurzoruaren zero kutsadura lortzea 2050erako.
Gasteizko airearen kalitatea hobetzeko 2023-2026rako plana
Gasteizko Udalak hiriko airearen kalitatea hobetzearen aldeko apustua egin du, eta arloko legezko estandarretatik harago joan nahi du. Ildo horretan, udalak 2030erako airearen kalitatearen estrategia bat diseinatu eta ezarri du bertako biztanleentzat, ekosistemarentzat eta ekonomiarentzat onura ugari sortzeko helburuarekin.
Estrategia horren esparruan, berriki onetsi da Airearen kalitatea hobetzeko 2023-2026rako ekintza-plana, zeina TECNALIAren laguntzarekin egin baita. Planak ezartzen du zer ekintza hartu eta ezarri behar dituzten tartean diren eragile guztiek (erakundeak, industria, herritarrak…) airearen kalitatea hobetzen aurrera egiteko. Helburua da kalitate-maila gero eta osasungarriagoak lortzea, airearen kalitateari buruz Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako munduko gidalerro berriekin bat etorrita, eta arreta berezia jarrita biztanleriaren kolektibo kalteberetan.
Euskadiko Airearen Kalitatearen 2030erako Plana
Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskadiko Airearen Kalitatearen 2030erako Plana sustatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak; plana izapidetze-fasean dago. Arlo horretako lehen plana da, eta airearen kalitatearen arloko EAEren jarduketa gidatuko du 2030era arte. Planak, TECNALIAren laguntzarekin definitu baita, ikuspegi estrategikoa, garatu beharreko lan-ildoak eta ezarri beharreko ekintzak biltzen ditu.
Airearen kalitate-planak abian jartzeko metodologia
Horrelako planteamenduetan, TECNALIAk erabiltzen dituen metodologiek honako fase hauek izaten dituzte:
- Egungo egoeraren diagnostikoa, kutsatzaileen emisioari eta airearen kalitatean duten eraginari dagokienez. Besteak beste, kutsadura-mapak egiten dira, dauden emisio-iturrien modelizazioan oinarrituta.
- Europako, nazioko eta autonomia-erkidegoko erreferentziazko dokumentuak eta arauak aztertzea, helburu estrategikoak eta jarduera-ildoak ezarri ahal izateko.
- Coworking-prozesu partizipatiboak administrazioarekin, erakundeetako eta gizarteko beste eragile batzuekin eta herritarrekin. Saio horietan, ekintza-planeko behin betiko ekintzak adosten dira, gainerako politika, estrategia eta planekin bat etor dadin. Parte hartzeko eta komunikatzeko prozesuak garatzeko, Lur studio bazkidearen esperientzia izan du eskura TECNALIAk.
- Aurretik aztertutako informazio guztia kontuan hartuta, ekintza-planean gauzatu beharreko jardueren proposamena egiten du TECNALIAk.
ingurumen-kalitate eta -konforteko taldeak airearen kalitatea kudeatzeko eta kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko duen ezagutza teknikoari esker, TECNALIAk lidergo-posizioa lortu du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ospe aitortua du Estatuan eta nazioartean arlo horretan. Horren froga da administrazioek (bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai beste autonomia-erkidego batzuetan) zein industriak ingurumen-plangintzako prozesu guztietan lagundu diezaien jarritako konfiantza.