Berria

Hiri-ingurune adimendunak sortzen ditugu adinekoentzako

2024ko apirilaren 30a
Entornos urbanos inteligentes para personas mayores

"SIRENE ekimenean, berritzaileentzako eskuliburu bat eta berrikuntza soziala bultzatzeko jardunbide egokien plan bat landu dira"

Berrikuntza sozialeko ekosistemak sustatzen ditugu, hiri-inguruneak adimendun, osasungarri eta adinekoentzat atsegin bihurtzeko

Europan SHAFE (Smart Healthy Age-Friendly Environments) aplikatzeko, komunitatean oinarritutako zerbitzu jasangarriak ematen dituzten berrikuntza sozialeko ekosistemak hazten laguntzen du TECNALIAk. Horrela, bizi-kalitate ona lortzeko soluzio adimendunak, etxebizitzaren sektorea eta IKTak uztartzen dituztenak, modu orokorrean ezartzea sustatzen du SIRENE ekimenak.

Pertsona guztien beharretara egokitutako hiri-inguruneak

Gero eta jende gehiagorentzat, gaur egun dauden etxebizitzak eta bestelako eraikinak ez dira egokiak bizimodu independentea egiteko. Smart living soluzioak beharrezkoak dira egungo higiezin-parkea eguneratzeko eta hiri-ingurune adimendun bihurtzeko, ondo zahartzeko egokia.

Proiektuaren indarra lankidetzan datza; izan ere, Europako zenbait herrialdetako 51 aditu biltzen ditu. ExpertHub-en bidez, profesional horiek indarrak batu dituzte berrikuntza sozialeko esparrua sortzeko, eta, horretarako, askotariko arlotan duten esperientzia partekatu dute: politiken formulazioa, etxebizitza soziala, informatika eta arkitektura.

Jasangarritasun-estrategia bat eta gizarte-berritzaileentzako lantresna-kutxa bat ere sortuko dira, emaitzak proiektuaren iraupenetik harago aplikatuko direla bermatzeko.

TECNALIAren eginkizuna

TECNALIAk esperientzia handia du hiriak birsortzeko eta eraldatzeko estrategiak diagnostikatzeko, planifikatzeko eta diseinatzeko soluzioak lantzen eta ezartzen. Dimentsio anitzeko ikuspegi integratu eta parte-hartzaile batetik egiten du hori, hiriak garapen jasangarriko helburuekin bat etorriz eralda daitezen.

Soluzio horiei esker, hiriak ingurune adimendun, jasangarri, erresiliente, inklusibo eta adinekoentzako atsegin bihurtzen dira.

Proiektuaren partzuergoa

TECNALIA erakunde hauekin lankidetzan ari da SIRENE proiektuan: Shine 2Europe, Afedemy, ECHAlliance, F6S eta ISRAA.

SIRENE proiektuak Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso du, 101096077 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.