Berria

Hirietako Klimaren Astean parte hartu dugu, Valentzian.

2024ko abuztuaren 6a
Semana del Clima de las Ciudades en Valencia

“Jardunaldietan aukera izan dugu zenbait soluzioren eta garapenen erabilgarritasuna eta baliozkotasuna egiaztatzeko hiri eta eskualde batzuekin”

TECNALIAk Hirietako Klimaren Astean parte hartu du, Valentzian, hiri klimatikoki neutroak eta klima-aldaketara egokitzea lortzeko EBren misioetako funtsezko eragile gisa.

Ekainaren azken astean, Valentzia hiriak Hirietako Klimaren Astea hartu zuen, eta funtsezko hiru topaketa koordinatu zituen: Hirien Misioaren Urteko Konferentzia, Hiri Erresilientziaren Europako Foroa (EURESFO) eta Energiaren Hirien Urteko Foroa. TECNALIAko taldeak, hiri klimatikoki neutroak eta klima-aldaketara egokitzea lortzeko EBren misioekin lotutako zenbait proiektuetako funtsezko kide gisa, aktiboki parte hartu du jardunaldietan, eta bere esperientzia eta berrikuntzak aurkeztu ditu.

Klima-trantsiziorako berrikuntza teknologikoa

Funtsezkoa da hirien trantsizio klimatikoa bultzatzeko eta errazteko garatzen diren berrikuntzak eta tresnak erabilgarriak izatea eta hirien beharrei erantzutea. TECNALIAk aukera izan du zenbait garapenen erabilgarritasuna eta baliozkotasuna egiaztatzeko hiri eta eskualde batzuekin.

  • NetZeroCities ekimenaren esparruan, TECNALIA zerbitzu teknologiko batzuk garatzen ari da hiriei trantsizio klimatikoaren mapak garatzen laguntzeko, prozesua efizienteagoa, arinagoa eta adimentsuagoa izan dadin. Konferentzian, lehenengo eskutik baliozkotu ahal izan dugu hirietarako egokia dela.
  • Pathways2Resilience ekimenean, tresna-kutxa bat garatzen ari gara eskualdeak klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoak izan daitezen egokitze-prozesu eraldatzailean laguntzeko, eta EURESFOn, kutxa horri buruz hitz egin dugu zenbait eskualderekin.

Hiria birgaitzea

TECNALIAk hiriei, laguntza teknologikoaz eta digitalaz gain, babesa ematen die, askotariko arloetako ezagutza adituan oinarrituta. Zehazki, Ingurune Eraikiaren Politiken Laborategia abiarazteko lantegian parte hartu dugu konferentzian Eurocities buru zela.

Saioan, Gasteizekin eta Valentziarekin batera —UrbanNew ekimenaren Espainiako pilotua egiten ari diren hiriak—, One Stop-Shop direlakoen erronkari heldu genion, hiria birgaitzeko proiektuak hedatzeko eta bizkortzeko funtsezko tresna baitira. Lantegi horretatik ateratako ondorioek Eraikinetako Energia Efizientziari buruzko Zuzentarau (EPBD) berria ezartzeko gidak eta gomendioak lantzen lagunduko dute.

Garapen erresilienteagoa lortzeko klima-zerbitzuak

Egokitze-misioaren esparruko lantegietan, TECNALIAko taldeak, Pathways2Resilience eta REACHOUT ekimenetako kide gisa, klimarekiko erresilienteagoa den garapen bat lortzeko politikak eta erabakiak prestatzean zerbitzu klimatikoek duten rola ulertzera bideratutako saioa moderatu zuen.

  • Halaber, DesirMED eta NBRACER ekimenen berritasunak ezagutarazteko aukera izan genuen. Ekimen horiek, hurrenez hurren, Mediterraneoko eta Atlantikoko eskualdeetan egokitze-soluzioen bidez erresilientzia hobetzera bideratuta daude.
  • Era berean, klima-erresilientzia bidezkoa eta eskala anitzeko gobernantza izan genituen hizpide zenbait eskualderekin, hala nola Pärnu-rekin (Estonia), zeinarekin ari baikara lanean Regions4Climate ekimenean.
  • TECNALIAk, RescueMe ekimenaren koordinatzaile gisa, EBko Kostaldeko Ondarearen Paisaien Tipologien eta Klima Aldaketaren Inpaktuen Atlas berria aurkeztu zuen: Europako kostaldeko kultura-paisaien tipologiak eta haiek mehatxatzen dituzten arriskuak aurkezten dira mapa gisa.

Saioari jarraipena emanez, Las Naves-ek (proiektuko tokiko bazkidea) Valentziako Baratzearen kultura-balioa eta kalteberatasuna deskribatu zituen. Paisaia horretan sartzen dira ondare fisikoa, nekazaritza-sistemak, uraren kudeaketako sistema historikoak eta sistema sozioekonomikoak.