Berria

Hogei erakunde baino gehiago elkarlanean arituko dira, lurraldea erresilienteagoa izan dadin klima-aldaketaren inpaktuen aurrean

2019ko abenduaren 5a

Urban Klima 2050 kliman eragiteko jarduera-proiektuak Euskadi eraldatuko du datozen urteetan

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak LIFE Integrado Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu du Bilbon, datozen urteetarako kliman eragiteko Euskadiko jarduera-proiektua. Zuzenean 19,8 milioi euro inbertituko dira kliman eragiteko ekintzetan, eta horien % 51 Europako Batasunak finantzatuko du.

Urban Klima 2050 proiektuak EAEko lurraldeak eraldatuko ditu: datozen sei urteetan, klima-aldaketara egokitzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatuko dira guztira. Era berean, KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia hedatzea bultzatuko du; estrategia horren helburu nagusia da berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa % 40 murriztea 2030erako.

Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoaren gidaritzapean, besteak beste, hauek hartuko dute parte: Eusko Jaurlaritzaren zenbait sail, EAEko hiru foru-aldundiak, zazpi udalerri (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bermeo, Bakio, Gernika-Lumo eta Zarautz), zentro teknologikoak eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker-TECNALIA, TECNALIA eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

“Proiektu garrantzitsu hau gauzatuko duten enpresa-partzuergoan 20 erakunde baino gehiago daude, eta modu koordinatuan ari dira lanean ezarritako helburuak lortzeko. Guztiek eskarmentu eta esperientzia handia dute klima-aldaketaren aurkako borrokan: 2025ra bitartean alor horretan egingo dituzten jardueren zenbatekoa 20 milioi euro ingurukoa izango da”, adierazi du Arriolak.

Jarduera jakinak bideratuko dituzten 40 proiektuak hiru eremutan banatuta daude: kosta, ibaien arroak eta hiriguneak. Zazpi udalerritan jardungo da, proba pilotu gisa, bai eta Urdaibairen inguruko herriguneetan, Debabarrenako kostan eta Arabako Errioxan ere.  Gainera, proiektuak bideratuko dira Butroe Oka, Ibaizabal, Deba, Urumea, Zadorra, Baia eta Ebro ibaien arroetan edo bokaleetan.

Argibide gehiago

Ihoberen prentsa-oharra