Ohiko birgaitzearen aldean, tratamenduaren efikazia % 15 areagotuko dela uste da, eta kostua, aldiz, % 25 gutxiagotuko dela
Robot-laguntzaile eramangarri eta eskuragarri bat garatu dugu GMV Soluciones Globales Internet, TECNALIA Ventures eta Proxima enpresekin, Ikerketa Biomedikoko Kordobako Maimonides Institutuarekin (IMIBIC), Andaluziako Osasun Zerbitzuko (SAS) Sofia Erregina Kordobako Unibertsitate Ospitalearekin, eta Groningengo Medikuntzako Unibertsitate Zentroarekin (Herbehereak). Hura erabiliz, pazienteek birgaitze intentsiboa egin dezakete etxean, terapeuta batek urrutitik gainbegiratuta.
Sistema goiko gorputz-adarrak birgaitzeko robot batek osatzen du, zeinak pazienteak egiten duen mugimendua neurtzen baitu. Robotak ordenagailurako jokoekin batera funtzionatzen du; TECNALIAk garatu ditu biak ala biak. GMVk garatu duen telelaguntzako plataforma baten bidez bat egin dute robotak eta jokoek. Era horretan, terapeutek modu pertsonalizatuan antola ditzakete birgaitze-saioak, eta pazienteen bilakaera monitoriza dezakete terapia etxean egiten duten bitartean. Hartara, bestela baino arreta eraginkorragoa eta autonomoagoa eman dezakete.
Teknologia etxe-giroetan baliozkotu da; horretarako, erabilgarritasun-probak egin dira Espainian, eta efikazia aztertu da Herbehereetan. Ebaluazio klinikoaren emaitzak esperantzagarriak dira: partaide guztiek mugikortasuna berreskuratu zuten neurri batean, nahiz eta saiakuntzen epea mugatua zen. Halaber, erabilgarritasunaren pertzepzioa egokia izan da eta sistema gogo onez onartu dute. Proiektuaren arduradunek uste dute tratamenduaren efikaziak % 15 gora egin dezakeela horrelako pazienteen artean. Gainera, ezaugarri horiek dituen tratamendu baten kostu osoa % 25 txikiagotu litekeela uste da.
Orain, abian da robot-sistema merkaturatzeko behar diren ziurtagiriak lortzeko prozesua: errealitate bihurtu da iktusa izan duten pazienteentzat. Gaur egun, Europar Batasunean merkaturatzeko lizentziarako akordioa ixteko lanean gabiltza, TECNALIA Venturesekin eta Proximarekin batera. Aldi berean, birgaitze-ekipoetan espezializatuta dagoen Txinako QJ Rehab enpresa beste ziurtagiri bat lortu nahian dabil, gailua herrialde horretara ere eraman ahal izateko.
Informazio gehiago
- Sistema EIT Healthek finantzatzen duen MERLIN ekimenaren barnean garatu da.
- EIT Health