“TECNALIAk bateria bidezko gezatze-teknologia bat garatu du, itsasoko ura gezatzen energia gutxiago kontsumituko duena”
Lehorteen eta elikagaiak landatzeko gero eta ur gehiago behar izatearen ondorioz, beste aukera batzuk bilatu behar ditugu eskura dugun ura optimizatzeko.
TECNALIA bateria bidezko gezatze-teknologia bat garatzen eta baliozkotzen ari da, elektrodoen oxidazio eta erredukzio sekuentzialeko prozesu elektrokimiko batean (karga-deskarga zikloa) eta ioien mintz eroale baten erabileran oinarrituta.
Laborategi-gelaxkaren mailan lortu diren lehen emaitza esperimentalek erakutsi dutenez, erabilitako soluzio teknikoak (energia berreskuratzeko prozesu bat erabiltzen du) itsasoko ura gezatzen energia gutxiago kontsumitzea lor dezake, egungo industria-teknologien aldean.
Era berean, teknologia hori eskalatzeko egin daitezkeen konfigurazioak aztertu dira, industrian izan dezaketen aplikazioaren analisian aurrera egiteko.
Prototipoaren diseinua eta fabrikazioa
Proiektu honen azken helburua itsasoko ura gezatzeko sistema baten prototipoa diseinatzea eta fabrikatzea da. Prototipo hori, hain zuzen, Kanarietako Institutu Teknologikoaren (ITC) instalazioetan ezarri eta testatu da, Pozo Izquierdon (Kanaria Handia).
Prototipoak gezatzeko gelaxka elektrokimikoen multzo bat du, elektrodoen eta osagaien geometria eta konposizio espezifikoarekin. Gelaxka horietarako garatutako energia-berreskurapenaren kontzeptuak aukera ematen du gezatze-sistemaren energia-kontsumoa nabarmen murrizteko.
Horrez gain, prototipoak datuak kontrolatzeko eta komunikatzeko sistema bat ere badu, eta, horri esker, sistema urrutitik erabil daiteke, zenbait prozesu-baldintza ezarrita. Halaber, haren funtzionamenduari eta lortutako errendimendu- eta kontsumo-balioei buruzko informazio zehatza lortzeko aukera ematen du.
Aukera ona, energiaren aldetik
Ur-disoluzioetatik gatzak erauzteko baterien funtzionamenduan oinarritutako teknologiek energiaren aldetik ura gezatzeko aukera ona izatea dute helburu, gaur egungo ohiko teknologiekin alderatuta (hala nola alderantzizko osmosiarekin).
Alderantzizko osmosian ez bezala, teknologia hauek ez dituzte behar izaten presio handiak ur-sarreran, eta eragiketa-kostu txikiagoa dute.
Gainera, gezatze-prozesuaren ondoren berreskuratzen den uraren ehunekoa tratatutako uraren % 80-90erainokoa izan daiteke (alderantzizko osmosiaren kasuan, berriz, % 50 da), eta gatzunaren sorrera % 10-20ra murrizten da.
Teknologia berritzailea garatzea
Garapen horiek teknologia berritzailea garatzeko erosketa publiko aurrekomertzial baten bidez egin dira, Kanaria Handiko Kabildoak finantzatuta eta Kanarietako Institutu Teknologikoak kudeatuta. Uharteetako itsas baliabideen ustiapenari lotutako I+G+B jardueren programa esperimental eta integralaren barruan kokatzen da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan.