Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Ibilgailuak % 50 energia gutxiago kontsumitzen du, ohikoekin alderatuta
IRIZAR taldeak kamioi hibrido bat garatu du, Ie-truck izenekoa, modu elektrikoan bakarrik funtzionatzeko gai dena. Ibilgailua hondakinak biltzeko erabiliko da, eta poluziorik eta zaratarik gabeko zirkulazioaren aldeko apustua egiten duten hirietan jarriko da martxan.
% 100 elektrikoak diren ibilgailu astunetarako kabina duen lehen plataforma da Ie-truck, eta ohiko kamioiek baino % 50 energia gutxiago kontsumitzen du.
Helburua da erabat hiritarra, elektrikoa eta erabilera anitzekoa den ibilgailu bat sortzea, karrozeriari eta potentziari dagokienez. % 100 elektrikoa, eta gai dena, adibidez, hiritik kanpo lan egiteko, gas natural konprimatuko motor osagarri batekin, autonomia handiagoa izateko. Ie truck-ek abangoardiako irtenbideak ditu diseinuari, segurtasunari eta teknologia elektrikoari dagokienez. Hirietan eta hiri-inguruneetan barrena ibiltzen da, poluzio atmosferiko eta akustikorik sortu gabe. Balaztatzeetan edo malda luzeetan, kamioiak berak bateriak kargatzen ditu, eta, horri esker, % 50 gutxiago kontsumitzen du.
Gainera, ibilgailuak taldearen beste teknologia batzuk ere erabiltzen ditu, hala nola trakzio elektrikoaren, biltegiratzearen eta kontrol-elektronikaren alorrekoak. FCCren eta Irizarren kamioia «baliozkotze- eta homologazio-fasean» dago, zerbitzu-talde globalaren arabera, eta asmoa da «urtarriletik aurrera kalera atera eta bezero izan litezkeenei erakustea». Kamioia VEMTESU ekimenaren emaitza da. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu dute programa, eta FCC, Irizar, Iveco, Jema eta Jofemar enpresek parte hartu dute, TECNALIA, Ceit eta Insia zentro teknologikoekin batera.