“Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu eta bi urtera, lege horrek praktikan izan duen eraginari buruzko balantzea egin dugu”
Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Estrategiak lurralde- eta hiri-plangintza nabarmentzen ditu ekintza klimatikoa ezartzeko diziplina nagusi gisa.
Espainian, maiatzaren 20ko 7/2021 Legea, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa, mugarria izan da Estatuko ekintza klimatikoari dagokionez, eta, bereziki, egokitzapenari dagokionez. Legeak aurreikusten du klima-aldaketak eragindako arriskuak politiken planifikazioan eta kudeaketan sartzea, hala nola politika hidrologikoan, kostan, lurralde- eta hirigintza-politiketan, hiri-garapenean, eraikuntzan eta garraio-azpiegituretan, elikagaien segurtasunean eta dietan, eta osasun publikoan.
Nabarmentzekoa da Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legea aldatu dela. Barne hartu da klima-aldaketak lurzoruaren erabileren antolamenduan dakartzan arriskuak kontuan hartzeko beharra, eta eraikingintzaren kalkulua eta diseinua eta garraio-azpiegiturak klima-aldaketara egokitzeko beharra.
Lurralde-antolamenduan eta hirigintza-plangintzan aplikatzea
Onartu eta bi urte geroago, egokia dirudi aztertzea Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Lege horrek praktikan zer-nolako eragina izan duen eta nola aplikatzen ari den. Garrantzitsua da, halaber, elementu bideratzaileei eta oztopoei buruz gogoeta egitea, ikasgaiak ateratzeko eta arau-tresna teknikoetan klima-aldaketa errazago txertatzeko beharrezkoak diren berrikuntza-proposamenak egiteko.
TECNALIAk, Valentziako Kultura Katedrarekin batera, jardunaldi bat antolatu du Klima Aldaketaren Legea lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresnetan nola aplikatu aztertzeko. Jardunaldian, esperientziak eta kasu praktikoak partekatuko dituzte zenbait erakundetako ordezkariek: Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa (OECC), Valentziako Generalitatea, Andaluziako Juntako Cádizko Lurralde Ordezkaritza, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea eta zenbait udal.