Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Etorkizuneko garraioak hiru erronka nagusi ditu: pisu-arintzea, segurtasuna eta lehiakortasuna
Klima-aldaketaren ondorioz, emisioak murriztea, energia aurreztea eta lehengaiak aprobetxatzea bilatzen da, mundu mailan. Etorkizuneko garraioak kontuan izan behar ditu pisu-arintzea, segurtasuna eta lehiakortasuna.
Automobilgintzan, hegazkingintzan eta trengintzan, material anizkoitzeko egiturekin lor daitezke helburu horiek, “material egokia toki egokian jarriz”: material metalikoak, material konposatuak, fabrikazio-prozesu berriak eta lotura-metodo berriak.
2018an material berriak lantzen jarri dugu arreta (bai metalikoak bai oinarri polimerikokoak), baita fabrikazio-prozesu berriak lantzen ere, hala nola beroko estanpazioa, aluminio-injekzioa, erretxina-transferentzia bidezko moldaketa (RTM) konpositeetarako eta fabrikazio aditiboa. Orobat landu ditugu lotura-metodoak: alor horretan, garrantzitsuenetako bat da, sormen handia izan behar da, eta prozesuak hibridatu.
Gaur egun, ideia horiek gauzatzeko, balio-kate osoa sartzen duten eta soluzioak era holistikoan ematen dituzten zenbait proiektutan parte hartzen ari gara. Guztion helburua da pisua gaur egungoa baino % 20 arinagoa izan dadin lortzea.
Hotzeko estanpazio bidez ibilgailu-osagai bat fabrikatzeko prozesua lantzen ari gara, Bizkaiko Industrias Garita ETEarekin batera. Hasieratik ikusi zuten erresistentzia handiagoko altzairuak erabili behar zituztela automobila arintzeko, eta, hala, segurtasun- eta arintze-eskakizunak betetzeko. Zer material erabili behar den aztertu da, baita osagai berriaren portaera eta hura fabrikatzeko behar diren ekipoak ere.
Agme konpainiarekin, material anizkoitzeko loturak landu ditugu, zenbait lotura-mota konbinatuz. Agme Gipuzkoako enpresa bat da, eta neurrira egindako mihiztadura automatikoko soluzioak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, eta errematxagailuak eta prentsak ekoizten.
Itsasgarrien alorrean, berriz, 3M Madrilgo enpresarekin ari gara lanean, material anizkoitzeko loturetarako soluzioak garatzen, eta horretarako, batzuetan, itsasgarriaren beraren konposizioa aldatzen.