Berria

Mugikortasun adimenduneko sistemak, ibilgailuak segurtasun eta efizientzia handiagoz gidatzeko

2019ko urtarrilaren 14a

Ibilgailuen elektrifikazioa eta gidatze automatikoa dira etorkizuneko mugikortasunaren joera nabarmenak

Ibilgailuen elektrifikazioa da segurtasun eta efizientzia handiagoz gidatzeko egiten ari diren aurrerapen handietako bat. Automobilgintzako eta mugikortasuneko enpresen lehiakortasuna bermatu nahi dugu, teknologia eta garapen berritzaileen bidez: ibilgailu arinagoak materialak egokituz eta material berriak erabiliz, garraio-segurtasuna, elektrifikazioa eta gidatzearen automatizazioa.

Teknologia horien bilakaera lantzeko, badugu geure saiakuntza-plataforma bat: Dynacar ordenagailu bidezko simulaziorako ingurune bat da, benetako ibilgailu batekin osatua, sistemak martxan jartzeko behar den denbora murrizteko eta ibilgailuen gidagarritasuna optimizatzeko.

Sistema adimendunak

Elektrifikazioaren alorreko zenbait teknologia garatu ditugu, eta haietako bi besteen gainetik nabarmentzen dira beren konplexutasun teknologikoagatik. Batetik, bazkide teknologikoak gara Repsol, Lancor, Infranor, Masermic eta CIE Automotive enpresek garatu duten propultsio hibridoko mikrobusean.

3.500 kilogramo baino gehiagoko ibilgailu bat da, eta motor elektrikoaren propultsioa eta errekuntzako motorra konbinatzen ditu martxan dabilen artean bateriak kargatzeko. Horri esker, aukera ematen digu, batetik, elektrizitatea bakarrik erabiliz gidatzeko, emisiorik eragin gabe, eta, bestetik, ibilbide luzeak geratu gabe egiteko, sorgailu-motor multzoaren bidez kargatzen baitira bateriak, gidariak ezer egin gabe eta, hala, multzoaren eraginkortasuna maximizatuz.

Bestetik, parte hartu dugu IRIZARek garatutako kamioi hibridoaren diseinuan: “ie-truck” deitu diote, ibilgailu elektriko astunetarako lehen plataforma kabinaduna da, eta ibilgailu konbentzionalek kontsumitzen duten energia baino % 50 gutxiago kontsumitzen du. Balaztatzean, kamioiak berak kargatzen ditu bere litio-ioizko bateriak, eta abangoardiako soluzioak ditu diseinuan, segurtasunean eta teknologia elektrikoan. Poluzio atmosferiko eta akustikorik sortu gabe ibiliko da hirietan eta hiri-inguruneetan.

Etorkizuneko beste joera nagusi bat gidatze automatizatua da. Ildo horretan, gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak (ADAS) eta hutsegiteak prebenitzeko eta detektatzeko segurtasun-sistema aktiboak garatzen ari gara.

Gaur egun, Europako AutoDrive ekimenean ari gara lanean, Irizar, Fiat-CRF eta Boschekin batera, gidatze automatizatua banakakoen ibilgailuetara zein ibilgailu kolektiboetara (hala nola aireko garraiora) eramateko. Hauek dira helburuak: gidatze autonomoko sistemen sendotasuna eta segurtasuna areagotu, erdieroaleen teknologien garapenean oinarrituta; segurtasun aktiboa areagotu, sentsore eta kontrol-eragingailu berriak garatuz, eta zibersegurtasun-sistemak finkatu.