Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Nanoteknologiako aurrerapenak funtsezkoak dira industrian jasangarritasunarekin, lehiakortasunarekin eta berrikuntzarekin lotuta dauden erronkei aurre egiteko
Nanoteknologiak ohiko materialak eta fabrikazio-prozesuak hobetu ditzake, hala nola plastiko-injekzioa eta galdaketa, eta, hala, bai produktuari eta bai industria-prozesuari balioa erantsi.
Horregatik, Europako partzuergo bat, TECNALIA buru duela, automobilgintzako osagai berriak garatzen ari da; bai estetika berritzailea duten plastikozko osagai oso funtzionalak, eta bai motorren eraginkortasuna areagotzen duten osagai bimetalikoak.
Ekimena IZADI-NANO2INDUSTRY ekimenaren barruan kokatzen da, eta H2020 europar programaren babesa du. EAEko enpresa hauek hartzen dute parte ekimenean, beste batzuen artean: MAIER, Europako liderra plastikozko piezak dekoratzen eta automobilgintzako azpimultzo teknikoen fabrikatzailea; SISTEPLANT, industriako enpresei lehiakortasuna areagotzeko soluzioak ematen espezializatua; eta SEMATEC, ingurumen-, osasun- eta segurtasun-alorreko zerbitzuetan espezializatua.
Nanoteknologiak industriako enpresei eskaintzen dizkien aukerak aprobetxatu nahi dira, merkatuaren eskakizunei erantzuteko. Eskakizun horien arabera, produktuek gero eta lehiakorragoak izan behar dute, eta, halaber, eraginkorragoak, arinagoak eta mantentze-kostu txikiagokoak.
Hori lortzeko, fabrikazio-prozesu seguruak eta lehiakorrak diseinatu ditugu, diseinu seguruko tresnetan oinarrituak —safe by design—, SISTEPLAT eta SEMATEC euskal enpresekin batera; tresna horiek esker, garapenaren hasierako faseetatik ebaluatu eta diseina daitezke prozesu eta produktu seguruak.
Nanoteknologia automobilgintzan aplikatua
Proiektuaren barruan, eta nanoteknologian oinarrituta, plastiko injektatuzko pieza batzuk fabrikatu dira automobilgintzaren sektorerako, marraduren aurka % 140 erresistenteagoak eta estetika berritzailekoak. Teknologia hori, aurreikusten denez, 2020an iritsiko da merkatura, produktu berritzaile eta lehiakorretan.
Nanoteknologia industriako makinerian aplikatua
Automobilgintzako plastikozko piezak egiteko ekimenaz gain, makineria mugikorretarako soluzioak ere garatu dira; zehazki, motor hidraulikoak fabrikatzen dituen enpresa baterako.
Motor hidrauliko berrietan, alde batetik, galdaketa nanoindartuko piezak sartu dira, eta horiekin, % 30 hobetu dira propietate mekanikoak; bestetik, motorreko pieza bimetaliko bat kendu da, eta, haren ordez, altzairuzko pieza bat jarri da, zeina proiekzio termikoko teknologien bidez nanoegituratutako geruza batez estalia baitago. Horrekin guztiarekin, motorraren eraginkortasuna handitu da, eta, ondorioz, motor bakoitzean eta urteko, 700 euro aurrezten da erregaitan eta 1,3 tona CO2 gutxiago aireratzen. Piezaren iraunkortasuna ere areagotzen denez, motorraren mantentze-lanen kostua erdira baino gutxiagora murrizten da.