Berria

Ocean Energy Europek Zuzendaritza Batzordeko kide izateko aukeratu du Pablo Ruiz-Minguela

2021ko maiatzaren 10a
Pablo Ruiz Minguela

Berrikuntza, eragileen osagarritasuna eta teknologien konbergentzia industriala funtsezkoak dira sektorea lehiakorra izateko eta zabaltzeko

Pablo Ruiz-Minguela, TECNALIAko olatuen energiaren arduraduna, Ocean Energy Europe – OEEren Zuzendaritza Batzorde berriko kide izango da datozen hiru urteetan. Itsas energietako profesionalen munduko sarerik zabalena da OEE; 120 erakunde ditu atxikita.

Pablok, APPA Marinako lehendakari eta Wedge Globaleko CEO Francisco García Lorenzorekin batera, indartu eta sendotu egingo du Espainiak itsas energia berriztagarriei buruzko erabaki-foroetan duen presentzia. Energia-mota hori ikerketa- eta garapen-fasean dagoen arren, gero eta potentzia handiagoak sortzeko helburuak jarri dituzte: 2025ean, 100 MW; 2030ean, 3 GW; eta 2050ean, 40 GW. Gaur egungo krisi ekonomiko eta sanitarioan, 45 milioi euro baino gehiago inbertitu da itsas energietan.

Pablo Ruiz Minguelak adierazi duenez, “ETIP Ocean Europako plataformak 2020an argitaratutako Agenda Estrategikoan ekintza zehatzak proposatzen dira 2025erako erronka teknologiko premiazkoenak gainditzeko”. Olatuen edo mareen energia biltzeko gailuen garapeneko erronkak dira, baina orobat materialekin, zimenduekin, konexioekin, ainguratzearekin, eragiketen logistikarekin, energia-sistemetan integratzearekin, datu-bilketarekin, datu-analisiarekin eta modelizazio- eta simulazio-tresnekin lotutakoak.

Francisco García Lorenzok, bestalde, adierazi du sektorearen sendotasuna erakusten duela hango erakundeen aniztasunak: “APPA Marinan lanean jarraituko dugu, eragileen osagarritasunak eta teknologien konbergentzia industrialak balio-kate banatu, sendo eta lehiakor bat garatzen lagundu dezaten, sektoreak indarra hartzeko”.

Izendapenok itsas energien sektorearen une garrantzitsuan egin dira: eskala handitzea eta industrializatzea sustatzen ari dira, eta energia-sistema deskarbonizatu bateranzko aldaketa azeleratzen ari da. Sektoreak datozen urteetan zer norabideri jarraituko dion ezarriko dute baterako lehendakariek, itsas energiak trantsizio energetikoaren funtsezko elementu gisa koka daitezen.

Informazio gehiago