Berria

Ondare eta paisaia kultural erresilienteagoak

2023ko apirilaren 25a
Cinque Terre, patrimonio y paisaje cultural resiliente

“Erabakiak hartzeko tresna bat garatzen dugu, kultura-ondareari lotutako arriskuak zenbatesteko eta babes-plan dinamikoak diseinatzeko”

RescueME ekimena sortu da, gure ondare eta paisaia kulturalak klima-aldaketatik eta bestelako arriskuetatik babesteko

TECNALIAk mapak egingo ditu klima-aldaketak Europako kostaldeko paisaia kulturaletan duen eragina irudikatzeko, eraikuntza- eta kultura-ondarea eta ondare ukiezina kontuan hartuta. Zentro teknologikoak erabakiak hartzeko tresna bat ere garatuko du, paisaia kulturalen arduradunek beren ondareari lotutako arriskuak zenbatetsi eta haientzako babes-plan dinamikoak sor ditzaten.

Klima-aldaketa mehatxu nabarmena da Europa osoko komunitateentzat, eta horrek esan nahi du guztionak diren kultura-ondarea eta paisaiak ere arriskuan daudela. Ondorioz, kultura-ondasun horiek egiten dituzten ekarpen garrantzitsuak arriskuan daude, gure ongizatea, gizarte-kohesioa, nortasuna, tokiko ekonomia, lurralde-erakargarritasuna eta ingurumen-jasangarritasuna barne.

RescueME ekimenaren bidez, kultura-ondarea eta paisaiak babesteko laguntza-tresnak jarriko dira komunitateen eskura; bereziki, kostaldeko komunitateen eskura.

Etorkizun jasangarri bateranzko trantsizioa

Kultura-ondarea eta paisaiak babesteak funtsezko alderdia izan behar du etorkizun jasangarri baterako trantsizioan; halako etorkizuna izango da naturarekin, gizarte-kohesioarekin eta inklusioarekin lotutako komunitateei laguntzen diena.

Aitziber Egusquiza TECNALIAko Klima-aldaketara Egokitzea arloko ikertzaile eta RescueME ekimenaren koordinatzailearen hitzetan: "EBren Klima Aldaketara Egokitzeko Estrategia berriarekin eta UNESCOren Hiri Paisaia Historikoei buruzko Gomendioarekin bat etorriz, RescueMEk ekintzarako deia egitea proposatzen du, gure ondare komuna babesteko; horretarako, kultura-ondaretzat hartzen denaren irismena handitu, ekintzak abiarazi eta baliabideak mobilizatu behar dira, eta klima-aldaketak Europako kostaldeko paisaia kulturaletan duen eragina zenbatetsi".

Erresilientziako paisaien laborategiak

Erresilientziako paisaien laborategiak sortu dira Europa osoko kostaldeko komunitateetan. Komunitate horiek RescueME-ren abangoardiako ikuspegiak probatu eta elkarrekin sortuko dituzte: Psiloritis Kretan (Grezia); Neuwerk Hanburgon (Alemania); Portovenere, Cinque Terre eta uharteak (Italia); Valentzia (Espainia); eta Zadar hiria (Kroazia).

Ekimenaren partzuergoa

TECNALIA, Fraunhofer Gesellschaft, Alma Mater Studiorum - Universita di Bologna, Fondazione LINKS, ICLEI European Secretariat, SISTEMA, Meteorological and Environmental Earth Observation, Las Naves, Comune di Porto Venere, Draxis Environmental, Centro Euromediterraneo sui Cambiamenti Climatici, Technische Universität Hamburg, Freie und Hansestadt Hamburg, Diktyo Dimon Tou Psiloriti, Grad Zadar, Conexiones Improbables eta Université de Liège.

Europako Batzordea

Proiektu honek Europar Batasunaren Europa Horizontea ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du 101094978 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.