Berria

Pedro Duque ministroak TECNALIA bisitatu du

2019ko martxoaren 25a

TECNALIAren bidez enpresak egiten ari diren eraldaketa digitalean zer aurrerapen izan diren ikusi du

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako ministro Pedro Duquek TECNALIA Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroa bisitatu du, eta xehetasunez ikusi du zer aurrerapen egin diren enpresen eraldaketa digitalean, TECNALIAk lagunduta.

Instalazioak bisitatzean, energiaren alorreko hainbat garapen ikusi ditu, gai hauekin erlazionatutakoak: sare elektriko adimendunak, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, errealitate birtuala, mikrosareak, autokontsumo fotovoltaiko adimenduna, itsas zabaleko energia eolikoa eta parke eoliko handietako energia ateratzea.

TECNALIAko laborategi bereziak ere bisitatu ditu ministroak. Blockchain bloke-kateen laborategian, enpresek beren erronka eta beharrekin esperimentatzen dute, eta teknologia berritzaile horren erakusketak eta benetako arrakasta-kasuak ikus ditzakete. Smart Mobility Lab laborategian, adimen artifizialeko aplikazioak egiten dira, hirietako zirkulazioa hobetzen laguntzeko datuak kudeatzeko.

Bisita amaitzean Pedro Duquek esan duenez, “TECNALIA arrakasta-kasu bat da Europan, eta bazkide teknologiko ezin hobea Espainiako enpresei eraldaketa digitala egiten laguntzeko 4.0 industria bihur daitezen”.