Berria

"Kablerik gabeko" labea, galdaketan % 25eraino aurrezteko

2017ko azaroaren 17a

Indukzio-sistema probatzen ari gara Irungo instalazioetan, eta altzairurako eta burdinarako bi prototipo berri ari gara eraikitzen

Energia ugari —elektrizitatea, batik bat— behar dute metalak eraldatzen dituzten industriek beren prozesuetarako. Kable bidezko konexiorik ez daukan galdaketa-labeetarako sistema bat garatu du TECNALIAk. Airetik transmititzen du energia, akoplamendu induktiboko sistema baten bidez. Besteak beste, pieza-galdaketaren prozesu osoko energiaren % 25 baino gehiago aurreztea da sistema horren helburua eta, horrenbestez, enpresen zerbitzua eta lehiakortasuna hobetzea, bai eta ingurumen-inpaktua eta kostuak gutxitzea ere. Egun, proba-fasean dago sistema TECNALIAren Irungo galdaketa-lantegi pilotuan. Prototipo erdiindustrial horrek 180 kg altzairu edo burdina galda ditzake —prozesu-tenperaturak, 1.600 ºC eta 1.450 ºC, hurrenez hurren—, 100 kW-eko potentziarekin. Europako galdaketa-sektoretik eta sektorerako sortua da soluzio hori, mundu osoko galdategietan gehiena erabiltzen diren hiru aleazioetarako batik bat: burdina, altzairua eta aluminioa.

"Kablerik gabeko" sistemaren xedea, berriz, hau da: ahalik eta gehiena malgutzea prozesuak, banaketa-doikuntzak erraz egiteko lan-karga oso aldakorrak dituzten instalazio konplexuetan. Geroz eta epe laburragoak ematen dituzte enpresek lanak egiteko, edo serie eta sorta txikiagoak eskatzen dituzte, eta geroz eta pieza-mota gehiago. Hori dela eta, konplexuagoa da galdaketa-enpresen ekoizpena antolatzea, eta, energiari dagokionez, eraginkortasun txikikoak bihurtu dira lantegi horiek: energia-kontsumitzaile intentsiboak dira, eta metal urtuaren hondakin ugari sortzen dute. Honenbestez, epeak ez betetzeagatik eskariak gal ditzakete enpresek, edo eraginkortasun-maila eskasa erdietsi barne-kostuei dagokienez. Sistema horren teknologia berriari esker, sinplifikatu egiten dira prozesuak, eta kostuak, murriztu.

Europako NIWE proiektuak (New Induction Wireless Manufacturing Efficient Process for Energy Intensive Industries) bultzatzen du sistema, FP7 programaren laguntzarekin. Italia, Bulgaria eta Espainiako hamar enpresa hauek osatzen dute programaren partzuergoa, TECNALIA buru dutela: Inductotherm-Ondarlan, Sematec, Krown, TECNALIA, Circe, Fonderie 2A, EAEko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkartea, Bilbobul, Furesa eta Deguisa.