Berria

Saria eman diote trakzio-sistema aurreratu bat garatzeari

2023ko abenduaren 29a
premio andres sierra-tecnalia

“Abiadura-tarte osoan pare motorra era zehatz, efiziente eta sendoz erregulatzeko aukera ematen duen kontrol-software berritzaile bat proposatu zen tesian”

Andrés Sierraren doktorego-tesiak bigarren postua lortu du nazioartean, IEEEren Industry Application Societyren 2023ko tesiaren lehiaketan

Andrés Sierra ingeniari elektronikoa (Los Andes Unibertsitatea, Kolonbia, 2008) elektromugikortasunari aplikatutako kontrol-sistemetan ikertzaile aritzen da TECNALIAn. Andrések IEEE IASen (Industry Applications Society) doktore-tesi onenaren bigarren saria irabazi du Nashvillen (AEB).

Automozioaren industria CO2-emisioak murrizten ari da, beste sektore batzuekin batera. Horregatik, errepideko garraioaren elektrifikazioa goraldi betean dago, eta aukera berriak eskaintzen ditu ikerketarako eta industria-garapenerako. Hain zuzen, ibilgailu elektrikoa merkatuan sartzeko erronka teknologiko handienetako bat propultsio-sistema efiziente, fidagarri, trinko eta ekonomikoak garatzea da.

Tesia Europako FITGEN proiektuaren barruan egon zen (824335 zenbakiko dirulaguntza-hitzarmena), eta proiektuaren helburua zen funtzionalki integratuta eta industrializatzeko prest zegoen trakzio-sistema aurreratu bat garatzea. Zehazki, tesia zentratu zen kateko konfigurazioko potentzia-bihurgailuan eta fase anitzeko makinetan oinarritutako trakzio-sistema baterako kontrol-softwarea diseinatzen, inplementatzen eta esperimentalki baliozkotzen.

Tesiaren ekarpen nagusiak

  1. Abiadura-tarte osoan pare motorra era zehatz, efiziente eta sendoz erregulatzeko aukera ematen duen kontrol-software berritzaile bat proposatu zen.
  2. Kontrol-softwareak korronte zuzeneko tentsioak orekatzeko algoritmo bat du, kateko inbertsoreak konfiguratzeko. Ekarpen berritzailea da, lehenengo aldiz sartu baita konfigurazio-mota hori eskala errealeko propultsio-sistemetan.
  3. Konponbidea heldutasun teknologiko handiz egiaztatu zen, trakzio-sistema ibilgailu elektriko erreal batean integratu eta errepidean probatu baitzen.

Horrenbestez, frogatuta geratu da industrian aplikagarria dela proposamena, eta oso interesgarria izan daiteke industria-ingeniarientzat, ikertzaileentzat, jatorrizko ekipamenduen fabrikatzaileentzat eta ibilgailu-fabrikatzaileentzat.

Zorionak, Andrés, lorpen bikain honengatik!