Berria

SusChem sariak: deialdia zabalik kimikari gazteentzat

2022ko maiatzaren 6a
Premios SusChem: Convocatoria abierta para Jóvenes químicos

"Innova kategoriak 5.000 €-ko saria du, eta bi aukera hauetako bat ere bai: egonaldi bat egitea TECNALIAren laborategietan edo TECNALIA Ventures-eko taldearen aholkularitza jasotzea ekimen teknologikoari dagokionez"

Zabalik da Kimikako Ikertzaile Gazteen SusChem sarien XIV. Edizioan parte hartzeko deialdia. Laguntzaile dira TECNALIA eta TECNALIA Ventures, eta kimika jasangarrian espezializatutako ikertzaile gazteei aitortza egitea dute helburu sariok.

SusChem Berrikuntza Kimiko Jasangarriko Plataforma Teknologikoak SusChem sarien XIV. ediziorako deialdia egin du, kimika jasangarrian espezializatutako arloetan diharduten ikertzaile gazteen artean jarduera zientifiko eta dibulgatzailea aintzatesteko.

2008an lehen edizioa egin zenetik, SusChem Sariak 53 ikertzaile kimikari gazteri eman zaizkie, 1000 hautagaitza baino gehiagoren artetik. Kimikan etorkizun oparoa duten gazteen talentua balioesten dute sariek, eta 40 urtetik beherako ikertzaileen harrobi oparoa nabarmentzen dute.

Kimikako Ikertzaile Gazteen SusChem sarien helburua da kimikako ikertzaile gazteen artean jarduera zientifiko eta dibulgatzailea aintzatestea, sustatzea eta bultzatzea. Halaber, kimikaren diziplina bultzatu, garatu eta zabaldu nahi dute Espainian, bai zientzia huts gisa, bai haren aplikazioak kontuan hartuta.

TECNALIA, haren Deep Tech Venture Builder Tecnalia Venturesekin batera, sariketaren sustatzaile eta antolatzaileetako bat da. Antolatzaileen artean, hauek ere badaude: Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionala (Feique), Espainiako Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkarte Nazionala (Anque), Kimika Fakultateetako Dekanoen Espainiako Konferentzia (CEDQ), Expoquimia eta Química y Sociedad Foroa.

Hiru kategoria SusChem sarietan

SusChem sariak hiru kategoriatan banatzen dira:

  • Futura: kimikako graduko edo zientziarekin eta teknologia kimikoekin erlazionatutako beste graduren bateko espediente akademiko onenaren saria (tituluak 2021ean lortua izan behar du).
    • Zenbatekoa: 2.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra.
  • Investiga: 2021eko argitalpen zientifiko onenaren egilearen saria; argitalpenak kimikari buruzkoa izan behar du, arloa edozein dela ere, eta egileak 2021eko abenduaren 31rako jasoa izan behar zuen doktore-titulua.
    • Zenbatekoa: 3.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra.
  • Innova: elkarlan publiko eta pribatuan oinarrituta egindako lan onenaren saria. Aurkeztutako lanak azken hiru urteetan eman behar izan ditu emaitzak kimika jasangarriarekin erlazionatutako edozein arlotan; hemen sartzen dira ekonomia zirkularrerako trantsizioarekin eta deskarbonizazioarekin erlazionatutako lanak.
    • Zenbatekoa: 5.000 € eta urtebeteko harpidetza SusChem-Españara eta ANQUEra. Horrez gain, TECNALIAren kimika aplikatuaren ikerketa-laborategietan egonaldi bat egin ahal izango du, industria-bideragarritasunaren, merkatu-potentzialaren eta parte hartzen duten aldeen arteko akordioaren arabera, edo TECNALIA Ventures-eko taldeen aholkularitza jaso, ekimen teknologikoaren arloan dituzten gaitasunak hobetzeko.

Lehiaketaren epea eta oinarriak

2022ko edizio honetan parte hartzeko epea apirilaren 19an hasi zen, eta maiatzaren 31ko 17:00 arte egongo da irekita. Parte-hartzaileek telematikoki tramitatu ditzakete beren hautagaitzak, SusChem-Españaren webgunearen bidez, eta han bertan ikus ditzakete lehiaketaren oinarriak.