“TECNALIA Venturesek eta Banco Santanderrek Espainiako DeepTecheko startupen eta ETEen garapena bultzatuko dute”
TECNALIA Venturesek, TECNALIAren Deep Tech Venture Builderrak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Banco Santanderrekin DeepTecheko ekimenei laguntzeko
Atzo, martxoaren 14an, TECNALIA Venturesek eta Banco Santanderrek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten ekintzaileei eta DeepTecheko startupei laguntza handiagoa emateko, soluzio finantzarioak eta ez-finantzarioak eskainiz. Horrela, aspaldidanik gauzatzen ari diren lankidetzaren zehaztapenak sendotu dituzte bi erakundeek, eta ekintzailetzaren esparruan garatzen dituzten helburuak eta gaitasunak lerrokatu dituzte.
Espainiako DeepTecheko startupen eta ETEen garapenari bultzada
Lortutako akordioari esker, TECNALIA Venturesek eta Banco Santanderrek Espainiako DeepTecheko startupen eta ETEen garapena bultzatuko dute. Horrela, sostengatzen dituzten startupen balio-proposamena elkarrekin zabalduko dute, eta laguntza-programetako informazioa errazago eskuratzen lagunduko diete.
Banco Santanderrek ekintzaileei, startupei eta scaleupei laguntzen die garapenaren fase guztietan. Santander Startupsen bidez, Banco Santanderrek zerbitzu- eta produktu-eskaintza osoa ematen die eskalatzeko eta hazteko potentziala duten enpresa berritzaileei. Enpresei laguntzeko, bide hauek ditu bankuak: 100 milioi euroko funts bat oinarri teknologikoko startupak etapa goiztiarretan finantzatzeko, hazkunde-zikloaren etapa bakoitzera egokitutako finantza-soluzio espezifikoak, eta enpresen garapen-bidean laguntzeko zenbait neurri.
Santander Xren bidez, gainera, aukerak sortzen eta enpresa sendotzen eta hazten laguntzen die, prestakuntzaren, aholkularitzaren eta aurrera egiteko eta negozioa eskalatzeko baliabideen bidez.
Akordioak lau jarduera-ildo nagusi jasotzen ditu
Akordioak, besteak beste, DeepTecheko startupen ekosistemako proiektuak eta ekimenak bultzatzeko lankidetza-ekintzak jasotzen ditu, baita bi erakundeen jarduerak sendotzeko ekimen bateratuak ere.
Zehazki, akordioak lau jarduera-ildo nagusi jasotzen ditu:
- Startupak: TECNALIA Venturesek ekintzaileak identifikatzen eta bideratzen lagunduko du, eta, ordainetan, kudeatzen dituen startupek zuzeneko komunikazio-kanal bat izango dute Banco Santanderreko startupen lurralde-arduradunekin eta Banco Santanderren bulego-sarearekin.
- Workafeak: Banco Santanderrek bere workafe bulego berritzaileen sarea jarriko du TECNALIA Venturesen eta haren startupen esku. Bulego-eredu berri horrek banku-zerbitzuak, coworking-guneak eta kafetegia biltzen ditu espazio berean, digitalizazio aurreratuko ingurune batean, non hitzaldiak, bilerak, aurkezpenak eta ikastaro interesgarriak antolatzeko aukera eta kudeatzaile espezializatuen laguntza izango baitute.
- Berreskurapen-, eraldaketa- eta erresilientzia-plana: erabilgarri dauden laguntzak ETEei jakinarazteko unean-unean beharrezkoak diren ekintzak egingo dira elkarrekin; horretarako, ekintza bat baino gehiago jar daitezke martxan, hala nola Banco Santanderrek TECNALIA Venturesi eta haren startupei aholkularitza pertsonalizatua emateko zerbitzua.
- Nazioartekotzeko laguntza eta tresnak: TECNALIA Venturesi eta haren startupei nazioartekotzen laguntzeko, Banco Santanderrek Santander Trade plataformarako sarbidea eskaintzen die —eta, hala, Santander Trade Clubeko kide izatekoa—. B2B negozio-komunitate esklusibo horretan, produktuak merkaturatzeko informazioa eta enpresa elkartuen zerbitzuak aurkituko dituzte.