"Sebastián Iruretagoyena sariaren helburua da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu-amaierako lanetan ikasleek egiten dituzten ahaleginak aintzatestea eta sustatzea"
Deustuko Unibertsitateko EAZko graduko ikasle batzuek Gradu Amaierako Lan Onenaren Sebastián Iruretagoyena saria jaso dute. TECNALIA Venturesek proposatutako ekimen bati buruzkoa da lana.
Uztailaren 9an (asteartea), Deusto Business School-eko ikasle batzuek Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako 2023-2024ko Gradu Amaierako Lan Onenaren Sebastián Iruretagoyena saria jaso dute. Julen Díez, Ignacio Elósegui, Jon Munduate, Asier Olaizola eta Iker Villena ikasleek irabazi zuten saria, "RECY - BATT: bateriak birziklatzeko merkatuaren azterketa estrategikoa" proiektuarekin.
TECNALIA Venturesek proposatu du proiektu horren erronka. Jesús Torrecilla Energia, Klima eta Hiri Trantsiziorako Ventures-eko zuzendaria izan da saria jaso duten ikasleen enpresa-tutorea .
Julen Cañas, Marina Cuadrado eta Leire Martín ikasleek, berriz, Analisi ekonomiko-finantzario onena duen EAZko 2023-2024ko Gradu Amaierako Lanaren Sebastián Iruretagoyena saria irabazi dute, "ESG faktoreen eragina enpresaren ezordaintzearen arriskuan" proiektuarekin.
Honako hauek osatu dute epaimahaia: Asun Ibáñez andrea, Deusto Business Schoolen (DBS) Donostiako Campuseko dekanordea;Rosa Cristóbal andrea, DBSko Finantza eta Ekonomia departamentuko kidea; David Iruretagoyena jauna, Amaia Iruretagoyena andrea eta María Iruretagoyena andrea, Iruretagoyena familiaren ordezkariak; eta José Juan Ijurko jauna, ALCE Fundazioko presidentea. Eta ikuspegi akademikotik, sozialetik eta ingurumenekotik baloratu dituzte lan finalistak, baita kanpoko eragileen eta unibertsitatearen arteko lankidetza ere.
Aipatzekoa da benetako enpresa-erronkekin egiten direla Deusto Business Schoolen Donostiako campuseko EAZko gradu-amaierako proiektuen % 85 baino gehiago. Mugarri hori Deustuko Unibertsitateak eta TECNALIA Venturesek ekintzailetzako eta transferentzia teknologikoko proiektuak garatzeko duten lankidetza-hitzarmenaren barruan dago.
Sebastián Iruretagoyena saria
Sebastián Iruretagoyena sariaren helburua da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Amaierako Lanetan ikasleek egiten dituzten ahaleginak aintzatestea eta sustatzea.
Sebastián Iruretagoyena irakaslea eta fakultate horretako Gipuzkoako MBA Exekutiboko lehen zuzendaria, halaber, funtsezkoa izan zen Gipuzkoako ikasleen, zuzendarien eta enpresaburuen prestakuntzan. Irakaskuntzan eman zituen urteak kontabilitatearen, finantza-analisiaren eta finantzen arloetara bideratu zituen.
Aurten, 2.000 eurokoa da saria EAZko Gradu Amaierako Lan Onenaren kategorian, eta 1.000 eurokoa, Analisi Ekonomiko-finantzario Onena duen EAZko Gradu Amaierako Lanaren kategorian.
TECNALIA Ventures eta Deusto Business Schoolen arteko lankidetza
“Urtez urte sendotzen ari den TECNALIA Venturesekiko ikasketa-lankidetza honek enpresa-proiektu berrien inkubazioaren errealitatera hurbiltzen ditu ikasleak, eta aukera ematen die ekintzailetza-ekosisteman funtsezkoak diren eragileekin lan egiteko eta, hala, beren proiektuen balioa handitzeko. Deusto Business Schoolek gradu-amaierako proiektu-aukera zabala eskaintzen die ikasleei urtero, askotariko enpresa eta erakundeekin lankidetzan. Proiektu-motak hauek eskatzen dizkigute gehien, besteak beste: merkatu-azterketak, komunikazio- eta marketin-planak eta sektore berrien analisi estrategikoak. Bestalde, urtero egiten dira proiektuak ETE, autonomo eta startupekin, hau da, beharbada enpresez eta negozio-planez ez dakiten ekintzaile eta ekimen-sustatzaileekin; halakoetan, ikasleen ekarpenek balio handia dute”. Hala azaldu du Cristina Iturrioz Deusto Business Schoolen Donostiako campuseko gradu-amaierako proiektuen koordinatzaileak.