"Hirien hazkundeak aurrera jarraitzen du, pertsona-kontzentrazio handiagoarekin eta ibilgailu autonomoa oraindik ere urrun dagoen testuinguru batean"
Lankidetza-hitzarmenaren emaitza gisa, aurten bertan aterako da aerotaxi-prototipo berria
Ahalik eta gehien bizkortu behar dira mugikortasun jasangarriaren alorreko soluzioak, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. UMILES Next, UMILES Groupen hiri-mugikortasuneko dibisioa, TECNALIArekin batera % 100 Espainian eginiko lehen aerotaxi-prototipoa aurkezteagatik da ezaguna, eta hark gidatuko du mugikortasun aurreratu berriko operadoreentzako lurreko mugikortasun adimenduneko aplikazioen garapena.
Jarduera-eremu handinahi horri heltzeko, UMILES Nextek sendotu egin du TECNALIArekin duen lankidetza-hitzarmena, bi etxeek orpoz orpo baitihardute lanean elkarrekin 2019tik. Aliantza hori sendotzeari esker, jarduera-esparrua areagotuko dute: aireko garraioaz gainera –hori da haien lanaren jatorria–, lurreko mugikortasun-soluzioak ere integratuko dituzte.
Premisa horrekin, UMILES Next aitzindari gisa posizionatzen da aireko eta lurreko mugikortasun berriaren aldeko apustu bikoitzean. Munduko lehen fabrikatzailea da mugikortasun berriaren operadoreentzako aireontziak zein lurreko ibilgailuak merkaturatzen, eta modu seguru eta jasangarrian aprobetxatzen ditu TECNALIAren teknologia-sinergiak bi merkatuotan.
Aurrerapen gehiago hiri-aireontzietan
UMILES Nextek aerotaxiaren bigarren prototipo bat lantzen jarraitzen du, hegaldiaren egonkortasunerako patentatutako FlyFree teknologian oinarrituta. Sistema horrek egonkortasun eta segurtasun maximoa eskaintzen du bidaiariak zein salgaiak garraiatzeko.
Bertsio berri hori eboluzionatuagoa da, eta datozen hiletan aurkeztuko da jendaurrean. Aurreikuspenen arabera, Europako zenbait ekimenetan parte hartuko du, Erresuma Batuan, Frantzian eta Espainian, besteak beste. TECNALIAk euskal industria-sarearekin duen konpromisoari eusten dio, proiektu berritzaileak garatzeko, eta, horri esker, fabrikazio adimentsuago eta jasangarriago baterantz egiteko.