Berria

TECNALIAk garatutako Aerotaxiak berrikuntza-nodo berrian parte hartuko du, eta horrek aukera emango dio etorkizuneko aireko mugikortasuna modu errealean probatzeko

2021ko apirilaren 26a
Aerotaxi

Zaragozan, Hera Drone Hub inauguratu dugu, DHL, Everis, Delsatt, ACG Drone, DJI, Aerotaxi eta Zaragozako udaltzaingoaren erakustaldiekin

Hera Drone Hub nodoa tripulatu gabeko aireontzien saiakuntza- eta entrenamendu-probak egiteko Europako lehen hiri-espazioa da. Espazio horretan, ikerketa eta garapena, trebakuntza, ziurtatzeak eta erakuste-hegaldiak egin daitezke. Probak ingurune erreal batean egiteko gunea da, gain-gainean baitago droneak hiriko aire-espazioan sartuko diren unea, eta laster aldatuko baita Europako zeru bakarra.

TECNALIAk Aerotaxia aurkeztu du, Donostian garatua. Prototipoa Europako lehen hiruretako bat da, eta Espainiako lehenengoa, eta laster merkaturatzea espero dute. Ibilgailua hirian 15 kilometro egiteko eta pertsona bat eramateko diseinatu dute, nahiz 4 pertsona eramateko eskalatu daitekeen. Kabina aerodinamiko bat da, eta, guztira, lau propultsio-drone ditu; droneok era independente eta koordinatuan mugitzen direnez, automobilean ibiltzean sentitzen den konfortaren antzekoa sentitzen da kabinan.

Berrikuntza enpresetan

Aragoiko DELSAT entitateak tripulatu gabeko bere aireontzia aurkeztu du, “Pharmadron” proiektukoa, zeina diseinatua baitago eguraldi txarra denean eta larrialdietan produktu farmazeutikoak aireko roboten bidez urruti dauden eta iristeko zailak diren farmazietara eramateko. Guztiok medikamentuak eskuratu ahal izatea bermatzea du helburu, gure bizilekua, adina eta gizarte-maila gorabehera.

Aragoiko ACG DRONE enpresak DHL Expressen paketeak garraiatzeko hegaldi-simulazio bat egin du. Enpresa hori ikuskatze industrialetan eta lan termografikoetan espezializatuta dago, eta Espainian edozein ingurunetan (hiri-ingurunean zein ingurune aeronautiko zibilean eta militarrean) hegan egiteko prestatuta dagoen Aragoiko lehen operadorea da.

Txinako DJI enpresa droneen merkatuko liderra da, eta Mavic 2 Enterprise Advanced berriaren hegaldia aurkeztu du (Espainian ez da ikusi oraindik). Segurtasun publikoan eta erreskatean erabiltzeko aireontzi bat da. Doitasun handiko posizionamendua du, eta norabide guztietan hautematen ditu oztopoak; zortzi kilometroko irismena eta 31 minutuko autonomia ditu.

Udaltzaintzak simulazio bat egin du kamera termiko batez, bozgorailu batez eta led-lanpara batez hornitutako Mavic Enterprise Dual batekin, elementu horiek guztiak funtsezkoak baitira segurtasuneko polizia-lanetan.

Jardunaldian, UAV 5G proiektuaren erakustaldi bat egin da: proiektua 4G/5G telekomunikazio-sarea erabiliz droneak kontrolatzeko sistema bat da. Teknologia horrekin, ez dago distantzia-mugarik pilotuaren eta aireontziaren artean. Hera Drone Huben aurkezpenean, orobat, BVLOS (ikusmenetik harago) kategoriako hegaldi bat egin da: pilotua Zaragozako Hubean zegoen eta 400 km-ra, Valladolid probintzian, zegoen drone bat kontrolatu du.

Erakustaldi horrek frogatzen du Hera Drone Hub aire-espazioa hegan egiteko espazio bat ez ezik kontrol-zentro bihurtzeko potentziala duen gune bat dela UAV 5Gk garatutako teknologiari esker; espazio horretan, Espainiako eta Europa osoko droneen operazioak koordina litezke.