Berria

TECNALIAren partaidetzapeko enpresek % 40 areagotu dute fakturazioa

2022ko apirilaren 8a
Empresas participadas TECNALIA: crece un 40 % su facturación

«Parte-hartzaileen artean izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Jabier Larrañaga, TECNALIAko zuzendari nagusi Jesús Valero, eta TECNALIA Ventureseko zuzendari nagusi Asier Rufino»

TECNALIAren partaidetzapeko deep tech edo teknologia sakonen arloko startupen ordezkariak elkartu dira, harremanak sendotzeko eta negozio-aukera berriak aztertzeko

TECNALIA, Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena, Europako erreferente eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide da, eta zazpigarren urtez jarraian elkartu ditu Donostian bere partaidetzapeko enpresa-zorroko ordezkariak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak ireki zuen topaketa, eta hauxe nabarmendu zuen: «TECNALIAk lan garrantzitsua egiten du TECNALIA Ventures deep tech venture builderraren bidez: ideia teknologikoak egiazko negozio-aukera bilakatzen ditu merkatuan, eta, hala, bere inguruko industria-sarea garatzen eta sendotzen laguntzen du».

TECNALIAko zuzendari nagusi Jesús Valerok zentroaren 2021-2024 aldirako Plan Estrategikoa azaldu zuen. «Planaren ardatz nagusia inpaktu soziala eta ekonomikoa sortzea da, eta, eginkizun horretan, zeresan erabakigarria izango du ekintzailetza- eta inbertsio-ekosistemarekiko harreman-mekanismo berriak egituratzeak».

TECNALIA Ventureseko zuzendari nagusi Asier Rufinok, berriz, berak zuzenduriko deep tech venture builderraren 2021eko mugarri nagusiak partekatu zituen, baita kudeatzen dituen partaidetzapeko enpresenak ere. «2021ean, gure partaidetzapeko enpresek fakturazioa % 40 areagotzea lortu dugu, bi deep tech startup eratu ditugu eta haien akziodunen artean sartu gara, lidergo nazionalari eutsi diogu Europako patente-eskaeretan, bost milioi euro lortu ditugu jabetza industrialaren salmentekin, eta 5,5 milioi euroko kapitala erakarri dugu partaidetzapeko gure enpresetarako», azaldu zuen.

TECNALIAren partaidetza duten enpresek bete-betean erakusten duten potentziala

Izpitek da TECNALIAk eraturiko oinarri teknologikoko azken enpresa (Branka akziodun gisa duela). Eta, Izpitek eratzeko prozesuaren xehetasunak azaltzeko, haren kontseilari Jon Lasak esku hartu zuen. «Izpitekek material konposatuetan (konpositea) oinarritutako osagai fotovoltaiko guztiz integragarriak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, eta hiri-inguruneen deskarbonizazioaren alorreko erreferente bilakatu nahi du, eguzki-energia hedatuz», azaldu zuen Lasak.

TECNALIAk erosi dituen azken akzioak Addilan enpresakoak dira. Amagoia Paskual enpresa horretako CEOak konpainiaren partaidetzak salerosteko eragiketaren xehetasunak azaldu zituen, eta hau nabarmendu zuen: «TECNALIA bazkide gisa edukita, indartu egin dezakegu gure proposamen teknologikoa, eta merkatu-kuota handitzen jarrai dezakegu WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) teknologian oinarrituriko ekarpen-tasa handiko fabrikazio gehigarriko makinen produkzioan».

Horretaz gainera, beste hainbat pertsonak ere parte hartu zuten topaketan: H2SITEko zuzendari Andrés Galnaresek konpainiak aurrez aurre duen industrializazio-prozesua aurkeztu zuen; Fesiako zuzendari nagusi Haritz Zabaletak ERP bat integratzeak negozioa kudeatzeko dituen abantailak partekatu zituen; eta Nautilus konpainiako CEO Jesús M. Busturiak, berriz, kontatu zuen nola kudeatu zuten konpainiaren akziodunen artean Subsea 7 sartzea (munduko erreferentea off-shore proiektuetan).

Amaitzeko, Norgestión etxeko bazkide José Antonio Barrenak eta Oriol Munné TECNALIAko Laborategi Zerbitzuen merkatu-zuzendariak ere parte hartu zuten bileran. Lehenbizikoak BME Growth ezagutarazi zuen, finantzazio alternatiborako iturri gisa, eta bigarrenak, berriz, TECNALIAk eskaintzen dituen laborategiko zerbitzuen esparruko estrategia.