Berria

Zero akatseko beirazko ontziak

2018ko otsailaren 7a

Sistema horren helburua hau da: beirazko ontziak (botilak eta potoak) ekoizteko prozesuan burbuilak automatikoki hautematea

TECNALIAk halako burbuilak hautemateko sistema bat ezarri du, VIDRALA enpresarekin batera, zero akatseko ontziak fabrikatzen direla bermatzeko.

Beirazko ontziak ekoizten dituzten enpresen helburua beren bezeroen beharrak asetzea da, kostu lehiakorrak ordainduz eta ingurunearen beharrak errespetatuz. Prebentzioa da hori lortzeko erarik onena. Beirazko ontziak ekoiztean, burbuilak ager daitezke, lehengaiak urtzeko labearen tenperatura altuengatik eta gainerako parametroengatik, bereziki. Akats hori agertzen bada, ontziak baztertu egiten dira, eta horrek zuzeneko eragina du enpresaren ekoizpenean.

Sistema labearen barruan instalatzen da; kamera lineal bat dauka, zeinak irudia hartzen baitu objektibo telezentriko batekin eta argiztatze jakin batekin. Irudi hori PC batean jarritako plataforma batean prozesatzen da, botila bakoitzaren irudia eraikitzen duen software baten bidez. Ontzien dentsitatea eta beste parametro batzuk kontuan hartuta eta irudia egokitzeko eta burbuilak bilatzeko algoritmo batzuk aplikatuta, ontzi bakoitzak zenbat burbuila dituen ebazten da.

Orain arte, kontrol estatistikoa egiten zen laborategian. Ikuste-sistema berri honekin, botilen % 100 ikuskatzen da; emaitzetatik joerak kalkulatzen dira, eta, joera horiek analizatuta, labearen parametroak egokitzen dira, burbuilarik sor ez dadin. Hala, are gehiago bermatzen da ontzien kalitatea, gutxiago baztertzen dira, eta ekoizpenaren emaitzak hobetu egiten dira.

Sistema, gainera, malgua da, eta ontzien diametro, forma eta kolore desberdinetara egokitzen da, baita ekoizpen-prozesuaren abiadura-aldaketetara ere. Izan ere, 250 botila/min-era arteko emariak onartzen ditu, eta 0,1 × 0,1 mm2-ra arteko bereizmena du.

Harremanetarako: Jone Echazarra