Berria

Zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketa: abian da Climateurope2

2022ko azaroaren 8a
Consorcio del proyecto Climateurope2

“Climateurope2 ekimenak zerbitzu klimatikoen erabiltzaile- eta hornitzaile-komunitate paneuropar bat sustatzen du”

Climateurope2 komunitate zientifikoaren eta zerbitzu klimatikoen balio-katean inplikaturiko gainerako eragileen arteko zubia izango da, eta ekitaldiak, jaialdiak, arte-erakusketak eta solasaldi inspiratzaileak antolatuko ditu horretarako

Abian da Climateurope2 ekimena, Lecceko (Italia) Klima Aldaketaren Zentro Euromediterraneoan (CMCC). Klima-aldaketaren alorreko 90 ikertzailek eta profesionalek baino gehiagok elkarrekin zehaztu zituzten etorkizunean egin beharreko jardueren esparrua eta zerbitzu klimatikoen oinarrizko elementuak.

Climateurope2 ekimenak zerbitzu klimatikoen erabiltzaile eta hornitzaileen komunitate paneuropar bat sustatzen du, eta, ildo horretan, negozio-eredu berriak, bidezkoak eta fidagarriak definitzen ditu. Era berean, babesa eskaintzen die erabakiak hartzeko ardura dutenei eta alderdi interesdunei, zerbitzuok modu eraginkorrean identifikatzeko eta eskuratzeko gidalerroak emanez.

TECNALIAk eginkizun garrantzitsua izango du estandarizazioaren eta bidezko babesaren esparrua definitzeko lanean. Lider izango gara zerbitzu klimatikoak estandarizatzen lagunduko duten akordioak, gomendioak eta estrategiak sortzeko prozesuan, eta, Europako Batzordearekin ez ezik, zerbitzu klimatikoen komunitatearekin ere hitz egingo dugu xede hori lortzeko.

Climateurope2 ekimenaren helburu nagusiak

Climateurope2 ekimenak hamahiru herrialdetako 30 parte-hartzaile baino gehiago ditu, eta Superkonputazio Zentro Nazionalak (BSC-CNS) koordinatzen du. Lau urte eta erdi iraungo du, eta hiru helburu nagusi izango ditu.

  • Zerbitzu klimatikoak estandarizatzea. Azken emaitza izango da beharrezko adostasun- eta heldutasun-maila duten zerbitzuak —edo zerbitzuon osagaiak— ziurtatzea eta egiaztatzea.
  • Zerbitzu klimatikoen Europako komunitate bidezko bati laguntzea, behar adinako ordezkaritza ez daukaten taldeak ere aintzat hartuta.
  • Kalitate bermatuko zerbitzu klimatikoen ezarpena areagotzea, klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta ondoriook arintzeko estrategiei laguntze aldera. Horretarako, bazkideek zenbait gomendio emango dituzte, egiaztatutako zerbitzu klimatikoen gailentasuna, sinesgarritasuna eta zilegitasuna handitzeko tresnak hobetzeko. Ildo horretan bertan, eskaintzaren eta eskariaren arteko konfiantza sustatzeko estrategiak ere bilduko dituzte, eta egungo negozio-ereduak eta merkatu-soluzioen eskalagarritasuna ebaluatuko dituzte.

Climateurope2 ekimenaren aldez aurreko oinarriak

Climateurope2 ekimenaren oinarria Climateurope da, zeinak 500 erabiltzailez eta hornitzailez baino gehiagoz osaturiko sarea osatu baitzuen informazio klimatikoaren alorrean. Climateurope2 berriak helburu anbiziotsua du: zerbitzu klimatikoekin loturiko eragileen sarea zabaltzea eta koordinatzea. Horretarako, askotariko jarduerak gauzatzeaz gainera, merkatuaren eta erabiltzaileen ebaluazioak ere egingo ditu.

Europako Batzordea

Proiektu honek Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantziazioa jaso du, 101056933 zenbakiko dirulaguntzaren bidez.