"Pistako saiakuntza bat egingo da Bizkaia Connected Corridor-en, eta zaratari dagokionez lortutako hobekuntzak baloratuko dira"
Zoladura jasangarriagoak garatzen ditugu zirkulazioak eragindako zarata murrizteko, balio-bizitza amaitua duten pneumatikoak birziklatzetik datozen materialak gehituz
Campezo, Asfaltia, Cepsa eta Signus enpresekin elkarlanean dihardu TECNALIAk zirkulazioak eragindako zarata murrizteko zoladura jasangarriagoak gauzatzen. Horretarako, agregakinen ordez, balio-bizitzaren amaieran dauden pneumatikoetatik datorren kautxu birziklatuzko pikorkatua erabiltzen da. Proiektu berritzailea da, orain arte 0,8 mm-tik beherako kautxu hautsa erabili baita errepideak asfaltatzeko.
Saiakuntza agertoki erreal batean
Lehenengo fasean, kautxuzko pikorkatua duten nahaste bituminosoak diseinatu eta fabrikatuko dira, eta horiek ezaugarriak zehaztu; hori guztia laborategian egingo da. Handik aurrera, pistako saiakuntza bat egingo da Bizkaia Connected Corridor-en, eta zaratari dagokionez erreferentziako nahasketaren aldean lortutako hobekuntzak baloratuko dira.
- TECNALIAk, bere aldetik, zoladura poroelastikoen merkatuaren zaintza teknologikoan laguntzen du.
- Nahasketa berriak diseinatzen parte hartzen du, produktu berriaren diseinu akustikorako zehaztapenen atalean.
- Portaera akustikoko saiakuntzetan eta saiakuntza mekanikoetan laguntzen du.
Zarata murrizteko soluzio berriak
Ingurumen-zarata zirkulazioak eragiten du, neurri handi batean, eta faktore horrek eragin handia du munduko biztanleriaren osasunean. Horregatik, garrantzitsua da jendea bizi den inguruneetan zarata-mailak murrizteko neurriak hartzea.
Soluzio erabilienetako bat hesi akustikoak jartzea izan da, baina zarata moteltzen duten zoladurak aukera interesgarria dira eraginkortasunaren eta kostuaren ikuspegitik.
Eragin positiboa herritarrengan
Proiektu honen emaitzek erakutsiko dute nahaste bituminosoetan pneumatiko-kautxua erabiltzea soluzio efizientea dela gure errepideetarako zoladura jasangarriak fabrikatzeko. Hala, zirkulazioak eragindako zarata murriztu ahal izango da, eta horrek eragin positiboa izango du herritarrengan.
Garapen horiek PERSEUS ekimenaren barruan kokatzen dira, zeinak CDTIren laguntza baitu.