"Zaharberritzea egindakoan, espero dugu San Andres elizak beste behin ere distira egitea Eibarren historiaren eta kulturaren itsasargi gisa"
TECNALIAk eta ZETABIk bat egin dute Eibarko San Andres elizako zurezko estalkiari bizi berri bat emateko
Zaharberritze-proiektu zirraragarri bat hastear dago Eibarko San Andres elizan. Espero da altxor arkitektoniko horren handitasuna berpiztea. TECNALIAko Zuraren Ingeniaritzako taldeak, ZETABI arkitektura-estudioarekin lankidetzan, eliza historiko horretako zurezko estalkia birgaitzeko lanen exekuzio-proiektua eta zuzendaritza gidatuko ditu.
San Andres eliza, mende askoko monumentua, Eibarren eta bertako biztanleen historiaren lekuko izan da. Denbora igaro ahala, elementuek higatu dute haren estalki dotorea osatzen duen zura, eta izurriteen eragina jasan du, hala nola usteltze-onddoak, termitak, pipia… baita hausturak eta sua ere. Arazo horien ondorioz, desplazamendu nabarmenak gertatu dira zertxa nagusietan, eta horietako batzuk harrizko gangen gainean bermatuta daude orain. Horrek, desegokia izateaz gain, elizaren jatorrizko egitura eta geometria hondatzen lagundu du.
TECNALIAk laser bidez eskaneatzeko azken teknologia erabiliko du
Zaharberritze-lan handi hori egiteko, TECNALIAko Zuraren Ingeniaritzako taldeak laser bidez eskaneatzeko azken teknologia erabiliko du; hala, puntu-hodei bat lortuko du, estalkiaren kontserbazio-egoera eta geometria zehatza erakutsiko duena. Informazio hori funtsezkoa izango da ekintza-plan bat garatzeko. Planean, konponketa puntualak eta estalkiaren berreraikuntza orokorra jasoko dira, jatorrizko egoerara itzultzeko eta egonkortasuna bermatzeko datozen urteetan.
Zaharberritze-proiektu hau ez da erreskate arkitektoniko hutsa, Eibarren historiarekiko eta ondarearekiko konpromisoa ere bada. San Andres eliza iraganeko artisauen trebetasunaren lekuko da. Haien ondarea etorkizuneko belaunaldientzat kontserbatzea bermatuko du zaharberritze honek. Horretaz gain, eliza berritzeak topaketarako eta gogoetarako gune bat eskainiko dio bertako komunitateari, eta historiarekiko eta tradizioarekiko lotura sustatuko du.