Prentsa-oharra

Hidrogenoaren Zentro Nazionala eta TECNALIA elkartu dira, hidrogenoa energia-bektore gisa garatzea eta ezartzea sustatzeko

2021ko ekainaren 23a
Firma TECNALIA y CNH
  • Gaur egun, elkarlanean, teknologia berritzaile batzuk garatzen ari dira amoniako “berdea” energia eskala handian eta denbora luzez metatzeko erabili ahal izateko
  • Trantsizio energetikoaren testuinguruan, landu beharreko funtsezko alorretako bat da hidrogeno garbia; aurreikuspenen arabera, munduko energia-eskariaren % 24 ase lezake 2050. urterako, eta urtean 630.000 milioi euroren salmentak izan

2020ko irailaren 29a Trantsizio energetikoaren testuinguruan, landu beharreko funtsezko alorretako bat da hidrogeno garbia, Europar Batasunak azpimarratu duenez. 2020ko uztailaren 8an argitaratu zen “Hidrogenoaren inguruko europar estrategia” dokumentua, erreferentziako dokumentuetako bat, eta, han jasotzen denaren arabera, hidrogeno garbiak munduko energia-eskariaren % 24 ase lezake 2050. urterako, eta urtean 630.000 milioi euroren salmentak izan. Hidrogenoaren Zentro Nazionalak (CNH2) eta TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak, testuinguru horretan, akordio bat lortu dute hidrogenoaren balio-kate osoan teknologia giltzarri berriak garatzeko, eta haien bidez hidrogeno garbiaren sorkuntza bizitzeko, hidrogenoa garraiatzeko azpiegitura berriak martxan jartzeko eta hidrogenoa erabiltzen duten prozesu berriak sustatzeko.

Lankidetza-hitzarmena gaur goizean sinatu dute TECNALIAk Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoan dituen instalazioetan CNH2ko zuzendari Emilio Nietok eta TECNALIAko CEO Iñaki San Sebastiánek. Emilio Nietok hau adierazi du: “Lankidetzarako aukera bikaina dugu aurrean, eta orain une aproposa da bi erakundeen gaitasunak batzeko ahaleginak elkartu eta akordio estrategikoak egiteko”. Iñaki San Sebastiánek, berriz, hau erantsi du: “Industria-sareari hidrogenoaren ekonomia berriaren esparruan estrategikoki kokatzen laguntzeko betebeharra dugu, eta, hitzarmen honi esker, enpresei helburu hori lortzen lagundu ahal izango diegu”.

Bi zentroen lankidetzaren beste aurrerapauso bat da hau. Izan ere, dagoeneko elkarrekin lan egiten dute zenbait ikerketa-proiektutan, hala nola Europako ARENHA proiektuan, energia eskala handian eta denbora luzez metatzeko amoniako “berdea” erabiltzea lortzeko teknologia berritzaileak garatzen.

Hidrogeno berdea, trantsizio energetikoaren funtsezko elementua

Hitzarmen horren bidez, hidrogenoaren inguruko erronkei aurre egin ahal izango zaie; adibidez, hauei: karbono gutxiko edo karbonorik gabeko hidrogenoa eskala handian eta kostu lehiakorrekin sortzea, azpiegiturak egokitzea hidrogenoa sortzen den puntutik erabiltzen den puntura garraiatzeko eta banatzeko, eta hidrogenoa erabil litekeen prozesuak egokitzea, bai industrian, bai etxean. Helburu horiek lortuz gero, Europar Batasunak 2050. urterako karbonoaren neutraltasuna dela-eta dituen konpromisoak bete ahal izango dira, eta, hala, erregai fosilak ekoizten dituzten herrialdeekiko mendekotasun energetikoa gutxitu.

CNH2k eta TECNALIAk sorkuntza-prozesu konbentzionalak eta hidrogeno berdeari dagozkionak hobetzeko soluzio berritzaileak garatuko dituzte. Gaur egun, funtsean, erregai fosiletatik sortzen da hidrogenoa, eta, halakoetan, prozesu horien emisioak murriztea da erronka; horretarako, karbono dioxidoa hartzeko, metatzeko eta erabiltzeko teknologiak erabiltzen dira, adibidez. Interes handia pizten du, halaber, hidrogeno “berde”aren sorkuntzak, hots, uraren elektrolisiaren bidezkoak, non energia berriztagarria erabiltzen baita (hala nola eguzki-energia eta eolikoa).

Lankidetza honen helburu bat da sortutako hidrogenoarentzat erabilera berriak identifikatzea eta sustatzea ere; adibidez, etorkizunean hidrogeno-ibilgailuak elikatzea, hidrogeno-pilen bidez. Hidrogeno-autoen azken modeloek 700 km-ra arteko autonomia dute, eta bost minutu soilik behar dituzte kargatzeko. Espainian, 2030erako, halako 5.000 ibilgailu eta 150 autobus izatea espero da. Ibilgailu horientzat aztertzen ari dira 100 “hidrogendegi” (gaur egungo gasolindegien baliokideak) jartzea.

Lankidetzak helburu du, azkenik, gure industria-ehunari lehiakortasuna hobetzen laguntzea, eta, horretarako, aberastasuna eta punta-puntako sektoreetan lanpostuak sortzeko aukera ematen duten teknologia eta zerbitzu aurreratuak sortzea.

Hidrogenoaren Zentro Nazionalari (CNH2) buruz

Hidrogenoaren eta Erregai Pilen Esperimentazio Zentro Nazionala (CNH2) ikerketa-zentro nazional bat da; erkidego zientifiko, teknologiko eta industrial osoaren zerbitzura dago, eta hidrogenoaren eta erregai-pilen teknologien ikerketa zientifikoa eta teknologikoa sustatzea du helburu

CNH2 zentroa 2007an sortu zuten, partzuergo publiko gisa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak (gaur egun, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa) eta Gaztela-Mantxako Erkidegoen Juntak, bakoitzak % 50eko partaidetza zuela; egoitza Ciudad Realen du, Puertollanon.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.

Azpimarratzekoa da Ekain Fernandez TECNALIAko ikertzailea aukeratu dutela Hidrogenoaren Banaketa Batzordeko koordinatzaile ‘Hydrogen Europe Research’ talde entzutetsuan; bektore energetiko berritzaile horretako 160 industria, 83 ikerketa-erakunde eta 21 elkarte nazional ordezkatzen dituen europar elkarte nagusiaren ikerketa-taldean.