Prentsa-oharra
Bizitegi-eraikuntzan saldu osteko zerbitzua kudeatzeko sistema adimenduna
Prentsa-oharra
Arriskuan dauden eremu historiko eta kulturalen erresilientzia hobetzeko soluzioen bilduma bat da, eta dagoeneko inplementatzen hasiak dira Italiako, Turkiako, Herbehereetako, Europako hego-ekialdeko eta Galiziako eremu pilotu batzuetan
2023ko abuztuaren 8a. Azken hamarkadetan, ondare kultural eta naturalak klima-aldaketatik eratorritako ondorio gero eta ugariagoen eragina jasan du. Hala, kontserbazio-arduradunek erronka berriak dituzte. Bestalde, bero-boladak, uholdeak, suteak, ekaitzak eta bestelako arrisku-gertaerak desberdinak dira Europako eskualde bakoitzean.
Komunitate zientifikoa eta ondarearen kudeatzaileak harremanetan jartzeko eta eremu historiko, kultural eta naturalak modu seguruan berreraikitzeko jarraibide egokiak partekatzea bultzatzeko, TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen (UNESCO) laguntzarekin, klima-aldaketarekiko zaurgarriak diren eremuak leheneratzeko plataforma bat jarri du martxan.
Arriskuan dauden eremu historiko eta kulturalen erresilientzia hobetzeko soluzioen multzo bat da, eta, prozesuan, autodiagnostikoko tresnak eta monitorizazioa erabiliko dituzte erabakiak hartzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta EGIS euskal enpresa ere aritu dira sistema hori garatzeko lanetan.
Plataforma zuzentzen zaie tokiko agintariei, hiri-planifikatzaileei, kontserbazioko profesionalei, lehen laguntzako langileei (besteak beste, suhiltzaileak, medikuak eta polizia) eta ondare kulturalaren jabe eta administratzaileei, eta helburua da eremu historikoak erresiliente, zirkular, adimendun eta inklusiboagoak bihurtzeko prozesua gidatuko duten tresnak eskaintzea, kontzientzia, egokitzea eta arriskuen aurkako prestaketak aprobetxatuz.
Sistema Europako ekimen baten barrukoa da, eta zenbait tokitan aplikatzen ari dira, Europako klima- eta ingurumen-erronka nagusiak kudeatzeko: Ravena (Italia), Seferihisar (Turkia), Dordrecht (Herbehereak), Sava ibaiaren arroa (Europako hego-ekialdea) eta Baixa Limia-Serra do Xurés Parke Naturala (Galizia). Ikerketa-kasu guztiak ikaskuntza-sare baten bidez lotzen dira. Hala, ezagutzak, esperientziak eta kudeaketako jardunbide egokiak etengabe trukatu ahal izango dira, eta ikaskuntza-prozesu onenetarako irispidea erraztuko da.
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Allianceko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean.
Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk egindako ospeari eta posizionamenduari buruzko azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.