Prentsa-oharra

TECNALIAk eta UPV/EHUk zientziari buruzko gela teknologiko bat jarri dute abian etorkizuneko ikertzaileentzat

2018ko azaroaren 16a
  • Hitzarmena gaur sinatu dute Leioan Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak eta Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoak, hura abian jartzeko

Leioan, 2018ko azaroaren 15ean. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak Gela Teknologiko berri bat jarri dute abian, arlo horretako etorkizuneko ikertzaile berrien garapenari lagundu eta babesteko. Hori egin ahal izateko, Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak eta Fernando Plazaola UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoak hitzarmen bat sinatu dute gaur, eta hura izango da Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean kokatutako gela horretarako bide orria.

Gela hau sendotzea oinarrizko hitzarmen baten fruitua da, joan den uztailean sinatutakoa, dagoeneko indarrean diren lankidetza jarduerak areagotzeko: heziketan, ikerketan, transferentzian, berrikuntzan eta ezagutzaren dibulgazioan. Honekin, hiru dira dagoeneko TECNALIAren eta UPV/EHUren Gela Teknologikoak: lehendabizikoa Ingeniaritzari buruzkoa, bigarrena Ekonomia eta Enpresari buruzkoa, eta hirugarrena Zientzia eta Teknologiari buruzkoa.

TECNALIAko Gela Teknologikoak TECNALIAko pertsonek kidetzan zuzendutako gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak egiteko UPV/EHUko guneak dira. Hor sartzen dira, halaber, TECNALIAko lokaletako hezkuntza praktikak UPV/EHUko ikasleentzat, proiektuak egin eta beste I+G+b jarduera batzuk egiteko. Gainera, aurreikusi da teknologia gune horretako pertsonek irakaskuntzan eta graduondoko ikasleen heziketa jardueren garapenean laguntzea.

Fernando Plazaola UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoaren iritziz, Gela Teknologiko berria “lagungarria izango da UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleek eskuratutako heziketa zientifiko-tekniko bikaina TECNALIArekin lankidetzan osatua eta aberastua izateko”.

Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusiak, bere aldetik, adierazi du “Gela Teknologiko berriak ezagutzaren ekosistemak (heziketa, berrikuntza eta berrikuntza) sortzen aurreratzen jarraitzeko modua emango digu, UPV/EHUko talentuak eta ezagutzak gure enpresa ehunduran albait eragin handiena izan dezaten”.

Gela Teknologikoek 17 urte

TECNALIAren UPV/EHUko lehendabiziko Gela Teknologikoa 2001ean sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan arlo Zientifiko-Teknikoan lankidetza sustatzeko, I+G+b jardueretan eta ikertzaileen heziketa partekatuan eta etengabean elkarrekin parte hartuz. 17 urteko funtzionamenduan, 220 ikaslek egin dute Gela honetan Ikasketa Amaierako Proiektua edo Master Amaierako Lana.

Gaur ere TECNALIAko Gela Teknologiko honek Diplomak banatu dizkio bere hamazazpigarren promozioari, 19 ikaslek osatua.  Proiektuak lagungarriak izan dira energia efizientzia, itsas energia, datuen analisi, ibilgailu elektriko eta fabrikazio sistema aurreratuei lotutako industria arazoak konpontzeko orduan.

UPV/EHUk hirugarren Gela Teknologiko bat du Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, indarrean 2011tik, zenbait gairi buruzko doktore tesiak sustatzeko bereziki, adibidez, lurralde garapena eta I+G politikak, berrikuntza ekosistemak eta ikerketa lanaren eraginaren neurketa.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Europan erreferentziazkoa den Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroa da. 30 nazionalitatetako 1.400 aditu biltzen ditu, teknologia BPG bihurtu eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lanean, aldi berean enpresen negozio aukerak sortuz.

www.tecnalia.com

UPV/EHUri buruz

Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatzen da, Shanghaiko rankingaren arabera.                             Gradu eta graduondoko 43.000 ikasle baino gehiago ditu, eta 7.400 profesional biltzen ditu bere langile zerrendan, goi-mailako heziketa, ikerketa eta transferentziaren zerbitzutan. Euskal Autonomia Erkidegoko eragile nagusia da ikerketan.

www.ehu.es