BASF-EN HISTORIA
Nekazaritza-produktu fitosanitarioen garapenak etengabe bilatzen du eraginkortasuna eta nekazaritza-ustiategien jasangarritasuna hobetzea.
BASFen oso ondo dakite hori, urteak baitaramatzate fungiziden, herbiziden, intsektiziden eta abarren ikerketan eta ekoizpenean buru izaten. Orain, gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu honetan, harago joan nahi izan dute, prozesua bera eraginkorragoa egiteko moduak bilatzeko.
Intsektizida berrien garapenaren kasuan, orain arte eskuz ebaluatzen ziren saiakuntzak, intsektu-kopurua banan-banan kontatuz laboreen hostoetan; oso lan gogaikarria da, eta zehaztugabetasunak sor litezke.
BASF + TECNALIA LANKIDETZA
TECNALIA eta BASF elkarlanean aritu dira soluzio fidagarri bat garatzeko, digitalizatu eta automatizatu ahal izateko bai intsektuen zenbaketa bai jasotako datuetarako eta lortutako emaitzetarako sarbidea.
“Hala, mugikorrerako aplikazio bat sortu dugu, eta prozesu horiek digitalizatu eta automatizatzen dituen plataforma bat. Adimen artifiziala txertatua duen proposamen honek analisi fidagarri eta errepikagarri bat egiteko aukera ematen du, eta irudien prozesamendu automatiko bat egiten du, negutegietan egindako saiakuntzetan hosto eta landare bakoitzeko intsektu-motak eta horien kopuruak zehazteko”, azaldu du Laura Gomezek, TECNALIAko Industria eta Mugikortasuneko eta Next Generation Factoryko ikertzaileak.
“Digitalizazio-prozesu berri honek ahalbidetzen du produktu berrien garapena bizkortzea eta erabakiak datu objektiboagoetan oinarrituta eta azkarrago hartzea. Soluzioa erregistratuta dago jada intsektiziden saiakuntzen emaitza ofizialen berri emateko, eta mundu osoko BASFen saiakuntza-estazioetan erabiltzen da”, adierazi du Xavier Riberak, BASF Spain-eko Komunikazio, Gobernu-gai eta Jasangarritasuneko buruak.
Elkarrekin aurrera eramandako proiektu honi esker, jasangarritasuna hobetzen duen aplikazio eraginkor bat garatu dugu adimen artifizialarekin, onura ekonomikoa eta soziala duena.
"Agroberrikuntza", TECNALIAren eta BASFen proiektu bat
Alde batetik, nekazariek I+G prozesu eraginkorragoen onurak jasotzen dituzte, beren beharretara egokitutako laboreak babesteko berrikuntzak dakartzatenak; eta, bestetik, gizarteak produktu eraginkorragoak eta jasangarriagoak ditu, elikagaien kalitatea bermatzen dutenak.