Berria

Abiadura handiko hidrogeno-trena garatzen dihardugu lankidetzan

2024ko otsailaren 12a
Colaboramos en el tren de hidrógeno de alta velocidad

“Segurtasun-ebaluazioak, ihes-azterketak, hidrogeno-sakabanatzeari buruzko CFD simulazioak eta ATEX sailkapena egingo ditugu hidrogeno-tren berrirako”

TECNALIAk lankidetzan dihardu Talgo, Golendus, Ingeteam, Optimus3D, Repsol, Sener, Comillasko Pontifize Unibertsitatearekin eta Adifekin, hidrogeno-propultsioa abiadura handiko trenetara eramateko

HYMPULSO ekimenak abiadura handiko trenetarako hidrogeno-pila berriztagarrietan oinarritutako propultsio-sistema bat diseinatu eta eraikitzea du helburu. Talgo buru duela, partzuergoak oso-osorik iturri berriztagarrietatik sortutako energiarekin elektrifikatu nahi du trenbide-sarea, baita katenariarik ez duten lineetan ere.

TECNALIAk segurtasun-ebaluazioak, ihes-azterketak, hidrogeno-sakabanatzeari buruzko CFD simulazioak eta ATEX sailkapena egingo ditu hidrogeno-tren berrirako.

Hidrogeno-baterien bidezko trakzio dual-hibridoa

Hau da helburua: hidrogeno-baterien bidezko trakzio dual-hibridoa garatzea, fabrikatzea eta Talgo 250 trenaren adar batean probatzea, zeina distantzia luzeko eta ibilbide mistoko bidaietarako prestatua baitago; alegia, partez elektrifikatuak eta partez elektrifikatu gabe dauden ibilbideetarako.

Tren horietako bakoitzak muturreko bi kotxe tekniko (CET) ditu; egun, trakzio-buruek erabiltzen duten elektrizitatea sortzeko erabiltzen dira. Gaur egun, gasolioa erabiltzen dute katenariarik gabeko tarteetan. Ekimen honen esparruan, muturreko kotxe tekniko horietako baten ordez erregai-pilak eta bateriak dituen beste bat jarriko da; erregai-pilek eta bateriek elektrizitatez hornituko dituzte tren-makinak hidrogeno berriztagarria erabiliz.

Proiektuak hidrogeno berriztagarriaren balio-kate osoa aktibatuko du: sorkuntzatik hasita trenbide-sisteman kontsumitzeraino. Horretaz gain, aukera emango du etorkizuneko trantsizioak tren-azpiegituraren aktiboetan izango duen eragina aztertzeko.

Hympulso ekimena “Balio-katea: hidrogenoz bultzatutako mugikortasuna diseinatzea, frogatzea eta baliozkotzea” deialdiaren barruan dago, zeina energia berriztagarrien, hidrogeno berriztagarriaren eta biltegiratzearen ESEPEaren parte baita (ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa).

**HYMPULSO proiektuak Europar Batasunaren NextGenerationEU programaren finantzaketa jaso du.