Berria

Adimen artifiziala, hondakin-uren zikloa optimizatzeko

2023ko ekainaren 2a

“Araztegietan ezarritako adimen artifizialari esker, instalazioaren energia-kontsumo orokorra % 20 murriztu ahal izango da”

Krispiñako (Araba) araztegian biki digital bat jarri dugu, erabaki adimendunak hartzen eta azpiegiturak mantentzen laguntzeko.

Automatizazio- eta digitalizazio-proiektuetan espezializatuta dagoen CEFALUX enpresarekin batera, biki digitalaren kontzeptu berri bat garatu dugu, adimen artifizialean oinarritua. Horrek bizi-zikloan zehar dagoen informazio guztia zeharka integratzen du, eta erabaki adimendunak hartzen laguntzeko sistema bat sortzen du, uraren ziklo integraleko kudeaketa-azpiegituren eragiketa eta mantentze-lanak optimizatzeko.

Teknologia hori aplikatuko da Krispiñako (Araba) hondakin-uren araztegian. Arabako hondakin-tratamendurako instalazio handiena da hori, eta Gasteizko Udalak kudeatzen du, AMVISAren (Gasteizko Udal Urak) bitartez.

Teknologia horrekin, hondakin-urak tratatzean, haizagailuen bidez aireztatze-tangetan disolbatutako oxigenoaren mailak optimizatzen dira digestio aerobikoan. Hori da, hain zuzen ere, araztegietako prozesuetan energia-kontsumoaren ehuneko handiena hartzen duen etapetako bat.

Adimen artifiziala eta biki digitalak

Helburua langileari erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat ezartzea da, adimen artifizialeko teknika aurreratuetan oinarritua, aurrea hartzeko eta optimizazioa hainbat alderditatik aurreikusteko, hala nola energia-kontsumoaren, erreaktoreen erabilgarritasunaren, efluentearen kalitatearen edo afluentearen sarrera-masaren aldetik.

Horri esker, prozesuaren eraginkortasuna hobetuko da, hobekuntza energetikoa lortuko da, kostuak murriztuko dira eta jasangarritasun handiagoa lortuko da, efluentearen kalitate-maila zorrotzak bermatuz. Kuantitatiboki, espero da kontrol-sistema berri honi esker (2024an bukatuko da ezartzen) instalazioaren energia-kontsumo orokorra % 20 murriztea lortuko dela.

“Lidergo teknologikoa izatea aukera bikaina da euskal industriarentzat, uraren ziklo integrala modu eraginkor, iraunkor eta kalitatezkoan ustiatzea ahalbidetuko duten soluzio digital aurreratuak eskatzen dituen sektore batean, hots, uraren sektorean”, dio Roberto Truebak, TECNALIAko proiektu-zuzendariak. “Horretarako, biki digitalak, erabakiak hartzeko oinarri gisa, iraultza eragiten ari dira industrietan, aurreikuspenak egiteko gaitasuna dutelako. Enpresen zein gizartearen ikuspegitik, gaur egun, ezinbestekoa da sor daitezkeen arazoei aurrea hartzea. Ildo horretan, biki digitalak, adimen artifizialarekin batera, erantzunaren funtsezko zati dira, simulazioak albait modu errealenean egiteko aukera ematen baitute. Diharduzun agertokia aurreikusten duzunean, arriskuak minimizatzen dira eta egoera kritikoei aurrea hartzen zaie”.