“Adinekoei egokitutako hiri-plangintza egiten laguntzen duten tresna digitalak garatzen ditugu”
Biztanleria zahartzen ari den honetan, teknologiak aukera ematen digu adinekoekin adeitsuagoak diren hiriak elkarlanean diseinatu eta garatzeko erabakiak hartzen laguntzeko.
TECNALIAk datuetan oinarritutako erabakiak hartzea errazten duten tresna digitalak garatu ditu hiri-plangintzaren bidez hiriak hobetzeko. Soluzio digital horiek Europako UrbanAge ekimenaren esparruan garatu dira, eta Santander, Helsinki eta Flandes hiri pilotuetan aplikatzen ari dira.
Kalkuluen arabera, 2040rako 65 urtetik gorako pertsonak Europako biztanleriaren % 27 izango dira (2018an % 20 ziren). Hiriak adinekoen beharretara egokitzea eskatzen du joera horrek, zahartze aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatzeko.
Aldagai asko hartu behar dira kontuan hiri-plangintza inklusiboa, irisgarria eta pertsona guztien beharretara egokitua izan dadin.
Hiriaren biki digitala
Adinekoen eta udal-teknikarien beharrak jasotzen dituzten baterako sorkuntzako zenbait prozesu egin ondoren, TECNALIAk biki digital bat garatu du Santanderren. Biki digital horrek hainbat datu biltzen ditu, hala nola eraikinei, osasun-zentroei, berdeguneei, hiri-altzariei, komun publikoei edo arrapala mekanikoei buruzkoak, haiekin hiriari buruzko informazio integratua eta erraz ikusteko modukoa izateko.
Gainera, TECNALIAk lagunkoitasun-indize bat garatu du, hiri bateko auzoen lagunkoitasun-maila konparatzeko. Auzo bakoitzean zer zerbitzu eta azpiegitura eraikitzea komeni den erabakitzen laguntzen du adierazle horrek.
Etorkizuneko esku-hartzeen eraginaren simulatzailea
Halaber, etorkizuneko hiri-plangintzako esku-hartzeek hiriaren lagunkoitasunean izan dezaketen eragina simulatzen du tresnak. Modu horretan, besteak beste adimen artifizialeko algoritmoei eta big datari esker, hiri-plangintzaren arduradunek aurrez jakin ahal izango dute zein ondorio izango dituzten ezarriko diren neurriek.
Hala, administrazio publikoek eta hirigintza-sailek tresna oso bat izango dute, aldagai ugari biltzen dituena, erabaki informatuak hartu ahal izateko. UrbanAge ekimenaren helburua da prozesua eta garapenak Europako beste hiri batzuetan errepikatzea.