Berria

Aireontzien eraginkortasun energetikoa hobetzen eta haien ingurumen-inpaktua murrizten duten teknologiak

2019ko azaroaren 26a

Aireko mugikortasunerako propultsio elektrikoko aireontziak garatzen laguntzen dugu

IRT Saint Exupery konpainia frantsesarekin batera, DEFLECT ekimena lantzen ari gara, zeinak armairu elektrikoetako pisua murriztea baitu helburu, egitura horretan elementu mekanikoak, elektrikoak eta/edo termikoak integratzea ahalbidetuko duen material berritzaile eta funtzioanitz baten bidez.

Funtzionalitateak materialean txertatuz, unitate bakoitzaren muntaketa-kostua murriztu egiten da, eta haren fidagarritasuna hobetzen: pisua % 30 arintzen da aluminiozko erreferentziaren aldean, bidezko kostuarekin, eta azaleko tratamendu kaltegarrien beharra saihesten da.

Sistema aeronautikoen elektrifikazioa

Horrekin batera, sistema aeronautikoak elektrifikatzeko kontrol-unitate elektronikoak (ECU) ikertzen eta garatzen ditugu: etorkizunean, Airbusen hegaldi-probetarako plataforman txertatuko dira, hegaldi errealean baliozkotzeko.

Proposatutako jarduera-sistema berritzaileek hobetu egingo dute aireontziaren eraginkortasuna, murriztu egingo dituzte haren pisua eta fabrikazioko zein mantentzen-lanetako kostuak, eta egoera kritikoetan modu seguruagoan jardutea ere ekarriko dute. Horrez gainera, hegaldi-aginteen jarduera-sistemen kalitatea eta fidagarritasuna handituko dituzte, eta ingurumen-inpaktua gutxitu.